Malerrekako Agenda 21 Foroak analisi eta diagnostiko lehen faseko laugarren eta hondar bilera egin zuen otsailaren 28an Doneztebeko erakusketa-gelan. Ekonomiaz eta herrietako eta eskualdeko kudeaketaz aritu ziren solasean eta Terra-Prometeako kideekin batera, Malerreka eta Sunbillako 16 lagunek hartu zuten parte.
Eskualdeko plan estrategiko orokorra falta da
Ekonomiari dagokionez, orokorrean, Malerrekan jendea lanerako prest dagoela azpimarratu zuten, eraikuntza edo industria sektorean adibidez. Lehen sektorea familiakoa dela ere aipatu zuten eta lanerako lurrak badauden arren, aunitz uzten ari direla. Industria erdi-goi mailakoa dela eta turismoa arloan, sektorea indartzeko baliabide interesgarriak badirela uste du Foroak. Zerbitzu arloan, Donezteben bezeroek ongi ezagutzen dituzten dendariak badaude eta gainera, formakuntzan lanean ari den sektorea da, Merkatarien Elkarteak egindako ikastaroen bidez. Halere, hobetu beharrekoak ere badaude, noski. Eskualde bezala, plan estrategiko ekonomiko orokorra falta dela uste dute. Lehen sektorea mantendu behar dela ere azpimarratu dute foroko kideek. Horretarako, eskualdean produzitzen diren kalitatezko produktuen komertzializioa hobetzen lan egin beharko litzateke eta kontsumitzaileak sentsibilizatu, kalitatezko bertako produktu ekologiikoak zergatik balio duten gehiago jakin dezaten. Baserritarrek ingurumena zainzen egiten duten lana ere nolabait saritu beharko litzatekela uste dute. Industria arloan, lurra falta dela eta azpiegiturak eta komunikazioak ere hobetu behar direla uste du Foroak. Eskualderako zer turismo mota nahi den zehaztu gahe dagoela uste dute foroko partehartzaileek. Bertizko partzuergoak 15 urte ditu lanean, baina oraindik ez du espero ziren emaitzak ekarri. Alde batetik, erakundeek ez dute oraindik erabat sinesten turismoa eskualderako jarduera ekonomikoa denik eta egiten dituen jarduerak ez zaizkio jendeari jakinarazten. Zerbitzuetan, zenbait arloetan profesionalizazio eza sumatzen da eta enpleguaren kalitatea ere hobetu beharko litzake.
Udalen eta mankomunitatearen informazioa hobetu beharra
Udal eta eskualdeko kudeaketari dagokionez, hurbilekoa dela uste dute eta mankomunitatearen kasuan, zerbitzu ugari eskaintzen dituela.. Halere, bai mankomunitateak eta bai udalek, herritarrei eskaintzen dieten informazioa hobetu behar dela uste dute, komunikazioa eta harremana landuz. Malerrekako identitate sentimentu sendorik ez dagoela ere uste dute eta arlo publikoan parte hartzeko kultura eskasa dela.
Etorkizunerako planifikazioa
Lehenbiziko diagnostiko fase honen ondotik, Malerrekako Agenda 21ek emaitzak aztertu eta etorkizuneko planifikazioa egiteko oinarriak jarriko ditu. Aipatzekoa da, Malerrekako Agenda 21ek Doneztebeko ikastetxearekin elkarlanean eskualdeko 74 gazteei inkesta berezi bat egin diela eta emaitzak aitzinerago jakinaraziko dituzte.