Julen Zelaieta da Nafarroako txapeldun berria, larunbat arratsaldean Elizondoko Lur aretoan jokatutako finalean nagusitu baitzen bertsolari beratarra. Aitzinetik ez zegoen faborito garbirik, Xabier Silveiraren ondorengoa nor izanen zen jakiteko, lehia estua izanen zela aurreikusten zen eta halaxe izan zen, lehen bortz bertsolarien arteko tartea eskasa izan zen, 17 puntukoa. Lur aretoa lepo bete zuten 900 bertsozaleek gozatu zuten finalarekin eta gustura hartu Zelaietaren garaipena jarraitzaile asko dituelako beratarrak. Iaz bezala, Jon Barberenak txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan du. Hirugarren, Julio Soto gazteak egin du, laugarren Erika Lagomak eta bosgarren Xabier Terrerosek. Erran bezala, haien arteko aldea hagitz txikia izan da. Horien atzetik, Xabier Legarreta, Migel Mari Elosegi “Luze” eta Iñigo Olaetxea.
Julenek hasiera indartsua
Julen Zelaieta beratarrak indartsu ekin zion saioari, eta berehala erakutsi zuen bere bertsogintza ez dela umorearen esparrura mugatzen. Zortziko txikian eta handian hagitz ongi aritu zen, eta lortutako abantaila mantentzen jakin du Zelaietak. Kartzelako gaian ezusteko bidetik jo eta txapela poltsikoratu zuen. Jon Barberena txapeldunordea zen eta begi aunitz berarengan zeuden jarrita. Akaso horregatik tentsioa sumatu zuen Erratzun bizi den Elizondoko bertsolariak, eta makal samar hasi zuen saioa. Hala ere, goiti egin zuen saioak aitzinera egin ahal eta azkenean iazko bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Finaleko gazteena zen Julio Soto. Iruñean bizi den bertsolari gorritiarrak saio erregularra egin zuen, eta txukun bukatu kartzelakoan. Bigarren postua eskura izan zuen, baina azkenean hirugarrenarekin konformatu behar izan zuen. Baina finaleko lehia ez zen lehen hiru postu horietara mugatu, gainerako bertsolariak ez baitziren podiumetik urrun ibili. Laugarren Erika Lagomak egin du, bigarren eta hirugarrenetik arras gertu betiere. Eta bosgarren, hainbat urtez Txapelketan parte hartu gabe egon den Xabier Terreros lesakarra. Txapelketara aurten ere itzuli den Xabier Legarretak seigarren egin du. Zertxobait gibelerago gelditu ziren aurtengo finalean parte hartu duten bertze bi bertsolariak. Gripeak jota kantatu zuen Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarrarentzat izan da zazpigarren postua eta zortzigarrena, berriz, Iñigo Olaetxea lesakarrarentzat.
Puntuazioa
Julen Zelaietak 418 puntu eskuratu zituen; Jon Barberenak 409,5 puntu; Julio Sotok 408 puntu; Erika Lagomak 403 puntu; Xabier Terrerosek 401 puntu; Xabier Legarretak 397 puntu; Migel Mari Elosegi “Luzek”k 370,5 puntu eta Iñigo Olaetxea: 369,5 puntu.
Txapelarekin hunkitua
Txapelketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman ondotik, sari banaketa egin zen. Bertsolari bakoitzak bere saria jaso eta agurreko bertsoa egin zuen. Julen Zelaietak Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren eskutik jaso du trofeoa eta Manu Legarrak bertsozale beteranoak jantzi dio txapela. Hura jantzita, hagitz hunkituta, txapela lortzeko bidea egiten lagundu duten guztiei eskaini die.