Aste Santua Bidasoaldean izenburupean, Bera eta Lesaka ezagutzeko eskaintza paregabea eskainiko da datozen asteetan bi herrietan. Aipatzekoa da Bera nahiz Lesakak Turismo Bulegoa irekiko dutela egunotan. Beran, martxoaren 17tik 30era zabalik izanen da Kultur Etxean, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Informazio gehiago 948 631 222 telefonoan edo turismoa@berakoudala.net helbide elektronikoan emanen dute. Lesakan ere, martxoaren 19tik 30ra Turismo Bulegoa irekiko da Udaletxeko beheko solairuan, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik arratseko 20:00etara. Berako eta Lesakako ostatu eta jatetxeetan pintxo eta plater aukera zabala eta otordu ezinhobeak egiteko modua izanen dela ere azpimarratu dute eskaintza hau ezagutzera emateko argitaratu den eskuorrian.
Errotara bisita, Liluratura eta erakusketak Beran
Berak turistei nahiz herritarrei asteotan eskainiko dien aukeren artean, martxoaren 22an, larunbatean, eguerdiko 12etan errotara bisita izanen da. Beran oraindik funtzionamenduan dagoen azken errota bisitatzeko aukera izanen da. Arto-irina garai batean bezala egiten segitzen dute. Berako Turismo Bulegoan egin behar da izen ematea. Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, martxoaren 19tik 24ra, goizeko 11etan Liluratura, Berako karriketan barna egiten den bidaia literarioa izanen da. Literaturaren zentzumenek, kontu ttikiek, istorioek… eramanen gaituzte karriketan barna. Izen ematea Turismo Bulegoan egin behar da. Bertze aldetik, martxoaren 17tik 30era bitarte Fernando Azkona eta Jose Mari Iparraren margo erakusketa zabalik izanen da Kultur Etxean. Olioa eta arkatzarekin egindako lanak ikusgai izanen dira astelehenetik igandera goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Azkenik, Martxoaren 19tik 24ra bitarte Iamotenean Rosa Mari Errandoneak Berako baserriei egindako argazkiak ikusgai izanen dira, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Turismo Bulegoa, bisita gidatuak eta Haurren Txokoa
Lesakan, Turismo Bulegoaz gain, Martxoaren 19tik 28ra, bisita gidatuak antolatu dira herrian barna eta Agiña inguruetan barna. Agiña inguruetan historiaurreko pasadizoak ezagutzeko ibilbide aproposak izanen dira. Alde batetik, Burdinaren ibilbidea: Lesaka, trenbide zaharra eta Agiña lotzen duena, mendiko bizikletaz egiteko aproposa. Bertzetik, Historiaurren ibilbidea: Agiña eta Izu-Bianditz elkartzen dituen ibilbidea, oinez egiteko aproposa, eta azkenik, Bide arkeologikoa: Agiñako bizkarrean zehar bide lasaia, ibiltzeko erraza eta paisaia ederrekoa. Ibilbide hauei buruzko informazioa Turismo Bulegoan galdegin beharko da. Martxoaren 19tik 29ra, haurren txokoa prestatuko da frontoian, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik arratseko 20:00etara. Eguneko sarrera 2 euro ordaindu beharko da eta, bertzeak bertze, puzgarriak, etxetxoa, ludoteka, futbolinak eta ping-ponga izanen dira. Aste Santuan ere, Udal Kirol instalazio berrietan gure osasunaz gozatzeko deia ere egin du Lesakako Herriko Etxeak. Horretarako, Igerileku estalia, hidroterapia eta gune termala, fitness gela eta jarduera desberdinetarako hiru gela eskaintzen ditu
Azienda azoka martxoaren 30ean eta Erdi Aroko Feria 31n.
Behin Aste Santua pasatuta, martxoko azken igandean, martxoaren 30ean eginen da Erdi Aroko Azokaren bosgarren edizioa. Beti bezala, artisau postuak, karrika animazioa eta tailerrak izanen dira herriko besta egitarauan indarra hartu duen ekitaldian, eta arratsaldeko dantzaldia Erdizka Lauetan taldeak girotuko du. Igande horretako Erdi Aroko Azoka izanen da martxoko azken aste hondarreko ekitaldi nagusia, baina larunbatean ere, martxoaren 29an, izanen da zer ikusi eta zer aditu.Goizean, azienda azoka antolatu du Udal Kultur Batzordeak. Mingain urdinaren eritasunaren ondorioz, udazkenean ez zen aziendarik ikusi plazan. Eritasuna hedatzeko arriskurik ez dago orain, nonbait, eta udaberrian sarturik, azienda lehiaketa eginen da plazan. Arratsaldeko 19:30ean, Tantirumairu euskal folklore taldeak dantza saioa eskainiko du Kasinoan eta gauez, 22:30ean, Joseba Irazoki & Balerdi taldeak kontzertua eskainiko du Atxaspi ostatuan. Martxoaren 27an, ortzegunean, bertso saioa eginen da arratsaldeko 19:00etan Zialdotik abiatuta, Bortzirietako Bertso Eskolaren eskutik.
Zugarramurdin lezean eta museoan sartuz gero beherapena
Zugarramurdin ere Aste Santurako eskaintza berezia izanen da turistentzat. Izan ere, lezeak eta Sorginkariaren museoa egunero irekiak egonen dira martxoaren 15etik 30era, goizeko 11etatik arratsaldeko 19:00etara. Lezeak bisitatzeko helduek 3 euro terdi ordaindu beharko dituzte eta haurrek 2 euro. Dena den, Museoko sarrera erakutsiz gero, beherapena izanen dute. Museoa bisitatzeko, berriz, helduek 4 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 2 euro. Hemen ere, lezeko sarrera erakutsiz gero, beherapena izanen da. Aipatzekoa da egunotan Juan Carlos Olaetxea margolari beratarraren margolanak ikusgai izanen direla Sorginen Museoko Ganbaran.