Otsailaren 8an abiatu zen aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, hilabete luzez han eta hemen aritu dira aurtengo edizioan parte hartu duten 25 bertsolariak. Bi kanporaketa, hiru finalaurreko eta, azkenik, finalaren ordua ailegatu da. Elizondoko Lur aretoan jokatuko da finala, hilaren 15ean, arratsaldeko 17:00etan hasita. Final horretatik txapeldun berri bat aterako da, zortzi finalistetako inork ez baitu orain arte Nafarroako txapela jantzi. Lehia estua izanen da, faboritorik ote dagoen galdetzen dute askok, baina ezin halakorik erran. Zortzi hautagai direla eta txapela bakarra dela, hori da egiten ahal den pronostiko bakarra. Kinielak kiniela, gauza segurua dena da finala egun ederra izanen dela bertsozale familia handiarentzat. Saio polita izanen dela, eta giroa ere ezin hobea. Ohikoa denez, finala akaututa afaria izanen da Elizondoko “Kortarixar” jatetxean.
Sarrera 15 euro, bazkideentzat 10
Sarrera 15 eurotan izanen da, 10 euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat 5 euro. Aldez aurretik hartzen ahalko dira finalerako sarrerak; Nafarroako Bertsozale Elkartera deituta (948143747 telefonoa) edo Iruñean Karrikiri Elkarteak duen Karridendan (Xabier Karrika, 2). Afarirako txartelak ere erreserbatzen ahalko dira, Bertsozale Elkartera deituta.
Zortzi finalistak
Erika Lagoma lesakarra 1981ean jaio zen. Bortzirietako bertso eskolan hasi zen gazterik. 2006an Txapelketako finalean sartzea lortu zuen, zazpigarren egin zuen. 2007, berriz, laugarren egin zuen Txapelketan.
Jon Barberena Elizondon jaio zen 1979an. Bertsotan bere kasa ikasia, azken urteotan bertso eskolan biltzen da beste baztandar batzuekin batera. Azken txapelketetan ohiko finalista bihurtu da; 2007. urtean txapeldunorde izan zen.
Xabier Legarreta 1977an jaio zen Aranon. Hernaniko Bertso Eskolan trebatu zen. Nafarroako Txapelketan ohiko finalista izan da eta 2000. urtean txapeldunordea izan zen. Bi urteko atsedenaldia hartu ondotik, aurten itzuli da Txapelketara.
Julio Soto, Gorritin jaio zen 1987an. Iruñeko bertso eskolan trebatua, Eskolarteko Txapeldun izan zen 2003 eta 2004an. 2006an finalean sartu zen eta zortzigarren egin zuen; iaz, ordea, finaletik kanpo gelditu zen.
Migel Mari Elosegi “Luze” da finaleko bertsolaririk zaharrena, Leitzan jaio baitzen 1972an. Bertsotan bere kasa ikasitakoa da, nahiz eta azken urteotan Leitzako beste lagun batzuekin bertso eskolan ibilia da. Iaz zazpigarren egin zuen finalean.
Xabier Terreros Lesakan jaio zen 1981ean. Orain dela urte batzuk aritu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Hainbat urtetako atsedenaldia hartu zuen Txapelketan eta aurten itzuli da. Kanporaketetatik hasita, finalera ailegatu da.
Iñigo Olaetxea 1975ean jaio zen Lesakan. Lesakako eskolan egindako bertsolaria da, eskarmentu handikoa eta Nafarroako Txapelketako ohiko finalistetakoa . Iaz hirugarren postua lortu zuen Txapelketan.
Julen Zelaieta Beran sortua da 1980an. Gazterik hasi zen bertsotan. 2005 eta 2006an hirugarren izan da finalean, 2007an bosgarren. Bertsopaperetan hamaika sorta eta sari irabazitakoa da.