Ander Erasunek ez du kontrariorik topatu bere aposturako

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 13a

Ander Erasun Aurtizko aizkolari gazteak apostua egiteko aukera paratu zuen, baina inork ez zion erantzun joan den ortziralean Tolosako Kantabriko jatetxean egindako hitzorduan, eta oraingoz, bederen, apusturik ez da eginen.

6.000 euro jokatzeko prest

Aurtizkoak apusturako deia egin zien 19 urte bete gabe duten aizkolariei. Bera hamasei kana-erdikotara jokatzeko prest zegoen, alde bakoitzak enborrak erdibana eramanda. 6.000 euro jokatu nahi zituen dirutan, eta bere asmoa apirilaren erdialdera jokatzea zen. 17 urteko Aurtizko gazte honek joan den ortziralerako iragarri zuen bilera, eta bera agertu zen bere koadrilarekin batera. Erasunekin batera sei bat lagun agertu ziren, tartean zela Miel Mindegia. Ezkurrako aizkolari beteranoa baita Aurtizko gaztearen maisua.

Inor ez zen Tolosako hitzordura azaldu

Apustua jokatzeko modua izanen zutelakoan joan ziren denak. Izan ere, azken egunetan, Azpeitia inguruko gazteren bat jokatzeko prest zegoelako zurrumurra zabalduta zegoen, baina Kantabriko tabernara ez zen inor agertu, eta beraz, ez zen apusturik egin. Jendea Larretxeatarrei begira ere bazegoen, baina bai Patxik, bai Donatok, garbi utzi zuten, beren semeek oraingoz ez zutela apusturik jokatuko, eta haiek ere ez ziren agertu.

Oraingoz, beraz, ez da eginen zaleek nahi zuten apustu hori. Hala ere, ez litzateke harritzekoa izanen datorren udazkenean edo neguan gazte hauen arteko lehiaren bat ikustea, baina oraingoz, bederen, ez omen dago apusturik jokatzeko inor eta ez dago deus hitzartuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun