Bidasoako XXI. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezten ahal dira

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 13a

Bertsoak maiatzaren 2a baino lehen aurkeztu behar dira

Bidasoako 21. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria

Lau maila

Parte-hartzaileak lau mailatan banatuko dira: A mailan, 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta gutienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, 50 euroko balea materialean eta oparia izanen du irabazleak, 30 euroko balea eta oparia bigarrenak eta 20 euroko balea eta oparia hirugarrenak. B mailan, 12 urtetik 16 urte arteko gazteak sarituko dira eta gutienez lau bertso egin beharko dituzte. Irabazleak oroigarria eta 120 euro eramanen ditu, bigarrenak oroigarria eta 75 euro eta hirugarrenak oroigarria eta 50 euro. C mailan, 16 urtetik 18 urte arteko gazteek hartuko dute parte eta gutienez 6 bertso egin beharko dituzte. Irabazleak oroigarria eta 130 euro eramanen ditu, bigarrenak oroigarria eta 80 euro eta hirugarrenak oroigarria eta 50 euro. D mailan, 18 urtetik goitikoek hartuko dute parte eta gutienez zortzi bertso egin beharko dituzte. Irabazleak 150 euro eta oroigarria jasoko du, bigarrenak 90 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 60 euro eta oroigarria.

Maiatzaren 2a baino lehen

Bertsoak maiatzaren 2a baino lehen bidali beharko dira helbide honetara: Berako Kultur etxea / Bidasoako XXI Bertsopaper Lehiaketa Eztegara pasealekua 11 / 31780 BERA (NAFARROA) Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutun-azal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa. Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean maiatzaren 16an, ortzirala, arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira. Sari banaketa ekitaldian Bidasoaldeko Bertso eskola ezberdinek parte hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun