Bortzirietako eskola ttikien topaketa egin dute asteazkenean Etxalarren

Aitor AROTZENA 2008ko martxoaren 12a

Arantza, Etxalar eta Igantziko neska-mutikoek adi-adi ikusi dute Sanbhu taldearen emanaldia. TTIPI TTAPA

Herrikoekin batera, Arantza eta Igantziko ikasle eta irakasleak bildu dira

Asteazken goiz honetan, martxoaren 12an, Igantzi, Arantza eta Etxalarko eskoletako haurrak urteroko topaketa egin dute Etxalarren. Landagain eskolako neska-mutikoek eta irakasleek ongietorria egin diete goizeko 11ak aldera Igantzitik eta Arantzatik autobusean etorri diren neska-mutikoei.

Sanbhu taldearen emanaldia

Segidan, Sanbhu taldearen pailazo-ikuskizuna ikusteko aukera izan dute. Bi pailazoen gorabeherak ikusteaz gain, ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartzeko modua ere izan dute ikuskizunean. Irudiak ikusita, erran beharrik ez dago Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek ederki pasatu dutela eta begirik kendu gabe egon dira, adi-adi.

Neska-mutikoen arteko harremana sendotu

Ikuskizunaren ondotik, Junkal Altzuguren, Etxalarko Landagain eskolako irakaslearekin izan gara eta berak aipatu digu topaketa hauen helburua, hiru eskoletako neska-mutikoen arteko harremana sendotzea dela aipatu digu. Ez da hau ikasturtean zehar izaten duten bilkura bakarra eta bortz herrietako ikasleen arteko topaketak ere egiten dituzte.

Jokuak

Pailazoen emanaldia akaututa, neska-mutikoek jostetan aritu dira pilota plaza inguruan. Batzuk pilotan, bertzeak harrapaketetara, bertzeak gordeka… ederki pasatu dute autobusa hartu arteko denbora. Jostetak akautu eta gero, Arantza eta Igantziko eskolakoek autobusa hartu eta beraien herrietara bueltatu dira; Etxalarkoak, berriz, eskolara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun