Erremonteko Baines txapelketa aste hondar honetan abiatu da

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 12a

Koteto Ezkurra, Julen San Migel eta Gaztelu kanporatuak dagoeneko

Erremontean, asteburu honetan abiatu da Master Pacharan Baines txapelketako bigarren edizioa. Zortzi bikotek eta skualdeko hainbat erremontelarik parte hartuko du ohiko frontoi luzeak, Euskal eta Galarreta, eta sekulan erremonte partidarik hartu ez duten Lodosa eta Isabako frontoi laburrak bisitatuko dituen txapelketa honetan.

Ezkurra-Gazteluk tantu bakarrarengatik galdu

Larunbat honetan, Koteto Ezkurra doneztebarrak eta Gaztelu leitzarrak, Juaristi eta Iriarteren kontra partida gogorra jokatu zuten Galarretan. Azkenen, 39na berdindu ondotik, azken tantua gipuzkoarrentzat izan zenez, heldu den igandean, martxoaren 16an, Euskal Jai Berrin jokatuko den partidaren irabazleen kontra jokatuko dute Juaristi eta Iriartek finalerdietan. Iazko txapeldunak, Zeberio II eta Agirrezabala, Altuna I eta Eizagirreren kontra aritzekoak dira heldu den igandean. Beraz, Koteto Ezkurra eta Gaztelu txapelketatik kanpo gelditu dira lehen kanporaketan.

Uterga-Lizasok aitzinera, San Migel kanpora

Igandean, berriz, Euskal Jaien aritu ziren Altuna II eta Julen San Migel doneztebarra, Xanti Uterga eta Iñaki Lizaso Doneztebeko bikotearen kontra. Bikote doneztebarrak erraz xamar irabazi zuen, 27 eta 40 eta heldu den larunbatean, martxoaren 15ean, Galarretan jokatuko den partidaren irabazleen kontra ariko dira Uterga eta Lizaso. Partida horretan, Urriza eta Migel Mari Urrutia saldiastarra, Iñigo eta Joxe Etxeberria doneztebarraren kontra ariko dira.

Lodosan eta Isaban finalerdiak

Aipatzekoa da finalerdietako joaneko partidak jokatuko direla Lodosa eta Isabako frontoi laburretan eta itzuliko partidak, berriz, frontoi luzean, Galarretan edo Euskalen. Finalerdietako bi partidetako tantu aldean berdinketa gertatuko balitz, hamarrera partida berria jokatuko lukete bigarren finalerdiaren segidan. Finala ere bi partidatara jokatuko da, Iruñeko Labriten eta Hernaniko Galarretan. Beraz, frontoi laburrean nahiz luzean ongi moldatzen den bikotea izanen da txapeldun aurtengoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun