N-121A errepidea erabat itxiko da astearte eta asteazken eguerdian

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 10a

Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan, bi egunez erabat moztuko da N-121A errepidea bi orduz Endarlatsa eta Bera artean, leherketak egin behar direlako. Lehendabiziko mozketa asteartean, martxoaren 11n eginen da, eguerdiko 12:00ak eta ordubiak artean, 70 eta 70,400 kilometroen artean. Asteazkenean, martxoaren 12an, berriz, ordutegi berean itxi beharko da N-121A errepidea, 71,350 eta 71,650 kilometroen artean.

Txandakako bidea Sunbilla eta Berrizaun artean

Bertze aldetik, Berrizaun eta Sunbilla arteko zatian, 57 kilometro terdi eta 58 kilometroaren artean, ezponda baten lur-erauzketa dela eta txandaka bidea ematen ari dira, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bitartez. Egoera honek martxoaren 14a arte, ortzirala arte, iraunen du eta Aste Santurako moldatuko da.

Gainera, egunero bezala, hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 7:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun