Hegoaldean ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere kantonamendu eta herri bozen eguna izan zen martxoaren 9a. Ttipi-ttapak hartzen dituen Sara, Senpere eta Azkaineko datuak aztertu ditugu, eta azken bietan, Senperen zein Azkainen, dagoeneko erabaki dira hurrengo sei urteetan zein izanen diren auzapezak. Botoen erdia baino gehiagorekin, bietan lehen itzulian gehiengo osoz irabazi zuten Christine Bessonartek Senperen (%52,73) eta Jean Louis Laduchek Azkainen (%50,33). Senperen Bessonartek 21 aulki izanen ditu, eta bigarren bozkatuena izan den Nousbaumen zerrendak lau aulki. Abertzaleen taldeak, berriz, bi jasoko ditu. Azkainen, berriz, antzerakoa gertatu da. Laduchek 21 aulki izanen ditu; Marie Pierre Bourdonen Haize Berri taldeak lau eta Anita Lacarraren Ideki taldeak bertze bi.
Saran bigarren itzulia igandean
Saran, aldiz, heldu den igandean eginen den bigarren itzulian erabaki beharko dituzte herriko ordezkariak. Lehen itzulian, boto aunitzeko alderik gabe Geroko Sara taldeko Pierre Arotzarenak lortu zituen botorik gehien, 893 guztira. Aipagarria da, lehen itzulian hamabik lortu dutela hautetsi izatea eta guztiak Geroko Sara taldekoak direla. Guztira 19 hautetsi izanen direnez, bertze zazpiak igande honetako bigarren itzulian erabakiko dira. Martxoaren 22a bitarte izanen dute karguak banatzeko epea.
Kantonamenduko bozetan eskuina nagusi
Kantonamenduko bozetan, Saran, Senperen eta Azkainen, lehen itzulian eskuina nagusitu da. Hala ere, Sararen kasuan, 72 boto eskaseko aldea atera dio Mixel Guerendian herritarra buru duen EH Bai koalizioari. Senperen eta Azkainen eskuinaren indarra nabarmenagoa izan da.