Doneztebeko Erreka elkarteak seigarren aldiz antolatu duen eskuz binakako txapelketako finalak larunbatean, martxoaren 8an jokatu ziren, goiz eta arratsaldez, Doneztebeko udal pilotalekuan. Goizeko 9etan bigarren mailako finalak jokatu ziren. Benjamin mailan, Errekako bi bikote izan ziren aurrez aurre eta Iñaki Maylin eta Mikel Lanak 18 eta 10 irabazi zieten Aritz Arrieta eta Axier Baztarrikari, partida polit baten ondotik. Alebinetan ere Errekako bi bikote aritu ziren nor baino nor: Daniel Moran eta Julen Juankorenak 18 eta 12 irabazi zieten Jon Belarra eta Jon Mitxeori. Alebinetako buruz buruko finalean ere Julen Juankorenak 18 eta 6 irabazi zion Jon Belarrari. Beraz, bi txapelak jantzi zituen Juankorenak. Infantiletan, Club Natacion taldeko Zuñigak eta Zugarraldeko Iturbidek 18 eta 6 irabazi zieten Errekako Jokin Uhalde eta Oberenako Jon Viezmari eta bigarren mailako jubeniletan, Errekako Xabier Carrion eta Mikel Goñik ustekabea eman zuten eta 18 eta 3 irabazi zieten Txarutako Irail Zestau eta Errekako Josu Telletxeari.
Ttikienen final ofizialak
Ondotik, hasi ziren final ofizialak. Benjamin mailan, Arrasateko Murua eta Moron II.ak ezustea eman zuten eta 18 eta 11 irabazi zieten Zugarraldeko Eskiroz eta Agirre II.ari. Txapelketako bikoterik onena Burlatakoa izan da, baina finalean ez zuten maila eman eta Arrasatekoek partida bikaina jokatu zuten. Alebin mailan, Zugarraldeko bi bikote izan ziren aurrez aurre. Partida gogor baten ondotik, Noval eta Larunbek 18 eta 13 irabazi zieten Arano I eta Sarasari. Lau pilotariak ongi aritu ziren. Goizeko azken partidan, infantil mailako finala jokatu zen: Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko Murgiondo eta Lasak 18 eta 13 irabazi zieten Oiartzungo Oiarpe elkarteko Sarasti eta Basasori. Hasiera berdindua izan zuen partidak, baina azkenean Lasaren joa nagusitu zen.
Bazkalondoan final nagusiak
Errekako txapelketa honetan parte hartu duten antolatzaile, guraso, pilotari eta laguntzaileek bazkaria izan zuten gero Doneztebeko Santamaria jatetxean eta arratsaldean jokatu ziren final nagusiak. Lehenik, kadete mailakoa jokatu zen. Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendik 22 eta 18 irabazi zieten Txarutako Beñat Oronoz lesakarrari eta Imanol Juanena oiztarrari. Partida hagitz gogorra izan zen eta bi bikoteetako inork ez zuen galtzea merezi. Oronozek partida polita egin zuen eta bere indarra erakutsi zuen sake eta boleetan. Juanena atzelaria ere ongi aritu zen. Beraz, partida irabaztearen meritu guzia Zugarraldeko bikotearen jokua izan zen, dena ongi egin baitzuten.
Jubeniletan final bikaina
Ondotik, jubenil mailako finala jokatu zuten Aurrerako Jon Jaunarenak leitzarrak eta Arbizuko Josu Bergerak, Goizuetako Umore Onako Oier Apezetxea eta Txarutako Xabier Madariaga urroztarraren kontra. Ikusmin handia piztua zuen final honek eta egia erranda, jaialdiko partidarik onena eskaini zuten lau pilotariek. Jaunarena leitzarrak, 15 urterekin, 3 urterako aurrekontratua sinatu du Asperekin eta etorkizun handiko pilotaria dela erakutsi zuen Donezteben. Gibelean Arbizuko Josu Bergera izan zuen, gazte mailako atzelari onenetako bat. Halere, aurten ezustea eman eta final dotorea jokatu zuen bikotea izan zuten aitzinean: Oier Apezetxea goizuetarra, Jon profesionalaren anaia da eta jubenil mailako lehen urtean maila ona erakusten ari da eta jo handia du. Gibelean, Xabier Madariaga urroztarra lagun izan zuen, sasoi ederrean eta txapelketa bikaina egin duen pilotaria. Biek, Jon Apezetxearen aholkuak segitu zituzten partidan. Partida hasiera berdindua izan zen eta goizuetarra eta urroztarra 8 eta 12 irabazten izan ziren. Oierrek tantu ederrak egin zituen partida hasiera horretan, gantxoz eta txokoan utziz. Madariagak ere erakustaldi ederra egin zuen, kontrarioei ongi eutsiz eta bizkarra erakutsiz Bergerari. Baina partidaren bigarren zatian, jokuan gehiago sartu zen Jaunarena, lehenik tantua dominatuz gibelean eta gero, ongi bukatuz, gantxo eta bi pareten bidez. Azkenean ez zen ezusterik izan eta Jaunarenak eta Bergerak 22 eta 17 irabazi zieten Apezetxea eta Madariagari.
Kolorerik ez senior mailako bi finaletan
Gero, senior mailako bi finalak jokatu ziren eta uste baino borroka guttiago izan zen bietan. Bigarren mailakoan, Errekako bi bikote izan ziren aurrez aurre: Imanol Mitxelena aranztarrak eta Unai Urrutia saldiastarrak, Aritz Anguita eta Joseba Madariaga aranztarraren kontra jokatu zuten. Unai Urrutiak ez zuen finalaerdirik jokatu, eskuko minarengatik eta finalean ikusitakoaren arabera, oraindik erabat osatu gabe dago. Normalean, Urrutiak bi eskuekin aunitz jotzen du eta dotorea da kantxa gainean, baina finalean ez zuen bere eguna izan. Kantxan ez zen eroso ibili eta Joseba Madariaga aranztarraren bizkarra ikusi zuen partida osoan. Arantzako atzelaria jaun eta jabe izan zen, aginduz, joz eta segurtasun handia erakutsiz. Ez zuen pilota bat bera ere galdu. Imanol Mitxelena saiatu zen jokuan sartzen, baina ez zuen suerterik izan. Bi esku dotore ditu, baina finalean ezin izan zuen bere dohaiak erakutsi. Angitak bere lana ongi bete zuen, ohikoa duenez ongi defenditu zuen eta pilotak onak utzi zizkion Madariagari. Azkenean, 22 eta 3 irabazi zuten Angitak eta Madariagak. Elite mailakoan, azkenik, ezustea izan zen. Mololo Irigoien lesakarra eta Unai Iparragirre leitzarra txapelketako bikoterik onena osatu dute behar bada, baina Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko Renobales eta Galarraga 11 eta 0 irabazten hasi ziren eta hortxe erabaki zen partida. Aipatzekoa da Nafarroako bikoteak, 2007an Federazio arteko txapelketa, Espainiako txapelketa eta Munduko txapelketa irabazi dituela, baina ezin izan zuen Errekako finala irabazi. Dena den, Ugaitz Renobales iaz ere finalista izan zen eta beti hor egoten da, txapelketa handietako finaletan. Doneztebeko finalean partida ederra egin zuen, ongi sakatuz, gantxoak eta berari ongi zetorkion erritmoa ezarri zuen. Galarragak ere ongi lagundu zion gibelean. Iparragirre leitzarrak, txapelketako atzelari onenak, ezin izan zuen jokuan sartu, aitzineko koadroetan izan baitzen pilota, eta hor Renobales, Irigoien lesakarra baino gehiago izan zen. Azkenean, Aurrera Saiazko bikoteak 22 eta 7 irabazi zion bikote beteranoari.