Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Alderdi Sozialistak irabazi ditu estatu mailan eta Jose Luis Rodríguez Zapaterok beteko du bertze lau urtez presidente kargua. Guzira 169 eserleku izanen ditu, duela lau urte baino 5 gehiago, eta 11 milioi boturen muga gainditu du. PPk ere goiti egin du botu eta diputatu kopuruan. 154 diputatu izanen ditu Madrilen, duela lau urte baino sei gehiago eta 10.167.902 botu eskuratu ditu. Convergencia i Unió kataluniarrek 10 eserleku izanen dituzte, duela lau urte bezala; EAJ-PNVk 6, azken legealdian baino 1 guttiago. Halere, beherakadarik nabarmenenak Ezquerra Republicana de Catalunyak, 8 eserlekutik 3ra jautsiz eta Izquierda Unidak, 5etik 2ra jautsiz, izan dituzte. BNGk eta Coalición Canariak bina eserleku izanen dituzte eta Rosa Diezen UPN Alberdi berriak eta Nafarroa Baik bana.
Nafarroan aldaketa handirik ez
Nafarroan, aitzineko hauteskundeekin konparatuta alde handirik ez da egon eta UPNk segitzen du indar nagusi izaten bi diputatuekin. Hori bai, PSNri bost puntuko aldea aterata: 131.618 boto eskuratu ditu UPNk eta 115.837 PSNk . Nolanahi ere, PSNk eutsi egin die aurretik zituen bi diputatuei. Biek ala biek goiti egin dute boto kopuruan, gutxi bada ere. Nafarroa Baik bereari eutsi egin dio, eta beraz, Uxue Barkosek segituko du Kongresuan diputatu lanetan. 2004an lortutako boto kopuruarekin alderatuz, apenas egin du goiti NaBaik (62.073 boto izan ditu, duela lau urte baino 1028 boto gehiago). Estatu osoan bezala, Nafarroako Izquierda Unidaren emaitzak ere okerrera egin dute, 8.000 boto inguru gutxiago eskuratuta. Nafarroa osoan abstentzioa, %25,6koa izan da.
Eskualdean Nafarroa Bai alderdirik bozkatuena
Datu horiek aunitz aldatzen dira ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean. Eskualde eta herri guzietan, Urdazubin izan ezik, Nafarroa Bai izan da alderdirik bozkatuena. Urdazubin UPNk irabazi du. Halere, aipatzekoa da Nafarroa Bai bera dela botu gehien galdu duena. 2004an 6.752 eskuratu zituen eskualdean eta 2008an 5.330, 1.422 guttiago. UPNk ere 316 botu galdu ditu, nahiz eta CDN aurten ez den aurkeztu. PSN-PSOEK 452 boto irabazi ditu eskualdean duela 4 urteko emaitzekin konparatuz gero eta IU kasik desagertu egin da hautesonbtzietatik. Abstentzioa ere, Nafarroa osoan baino dexente handiagoa izan da ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean, %45,29koa. Duela lau urteko hauteskundeekin konparatuz, %14,3 murriztu da partehartzea. 2004an %69koa izan zen eta 2008an %54,71koa. Duela lau urte ezker abertzalearen botuak baliogabetu egin ziren eta oraingoan abstentziorako deia egina zuen eta 2004an baliogabetuako botuen portzentaia baino gehiago handitu da abstentzioaren portzentaia. Leitzaldeko herri guzietan, errate baterako, botua emateko aukera zuten erdiek baino gehiagok ez dute boturik eman eta Goizuetan, %80ra ailegatu da abstentzioa. Arantza, Etxalar, Ezkurra, Ituren, Oitz eta Zubietan ere, bozkatzeko eskubidea zutenen erdiek baino gehiagok ez du egin.
Eskualdeka
ESKUALDEKA Baztanen %60,19koa izan da partehartzea, 6.338 laguneko zentsotik, 3.815ek eman baiture botua. Abstentzioa %39,81ekoa izan da, 2.523 lagunen aukera. Alderdirik bozkatuena Nafarroa Bai izan da 1.461 boturekin, UPNk 1.395, PSNk, 716 eta IUk 67. Bortzirietan, 6.831 laguneko zentsotik 3.704ek eman dute botua, %54,22ak. Beraz, abstentzioa kasik %46ra ailegatu da. Alderdirik bozkatuena Nafarroa Bai izan da, 1773 boturekin, bigarren UPN 774rekin eta hirugarren PSN, 397rekin. IUk 82 lortu ditu. Malerreka eta Bertizaranan, 2.533 lagunek eman dute botua, zentsoaren %58,11ak. Beraz, abstentzioa %42 ingurukoa izan da. Eskualde osoan bezala, Nafarroa Bai izan da bozkatuena, botuen erditsuekin: 1.236. UPNk 642 eskuratu ditu, PSNk 494 eta IUk 39. Leitzaldean, abstentzioa nagusitu da herri guzietan. Leitzalde osoa hartuta, abstentzioak %62a gainditu du. 3.456 laguneko zentsotik, 1.308k bakarrik bozkatu dute, %37,85ak. Alderdirik bozkatuena Nafarroa Bai izan da, botuen erdia baino gehiago, 721 beretzat izan baitira. UPNk 301 eskuratu ditu, PSNk 225 eta IUk 15. Urdazubi-Zugarramurdin izan da partehartzerik handiena, %71,40a. 500 bizilagunetatik 357k bozkatu dute. Bi herriak hartuta Nafarroa-Bai izan da bozkatuena, 139 boturekin, UPNk 11 botu guttiago dauzka, 128 eta PSNk 61. IU 4rekin gelditzen da.
Herriz herri alfabetikoki
Herriz herriko emaitzak alfabetikoki aztertuz, Aranon 125 laguneko zentsotik 43k bakarrik bozkatu dute eta 82 abstenitu dira. Nafarroa Baik 30 botu eskuratu ditu, UPNk eta PSNk bakarra eta Iuk 2. 2 botu zuri izan dira.
Arantzan ere jendearen erdiak baino guttiago bozkatu du. 565 laguneko zentsotik 259k bozkatu dute eta 306k ez. Talderik bozkatuena Nafarroa Bai izan da, 138 boturekin, baina 114 botu galdu ditu duela lau urteetako hauteskundeekin konparatuz. UPNk 21 botu gehiago eskuratu ditu, 57 eta PSNk 23 gehiago, 47. Iuk botu bakarra eskuratu du.
Areson ere %50ª gainditu du abstentzioak. 118 lagunek eman dute botua eta 124k ez. Nafarroa Bai nagusitu da, 59 boturekin, Upn bigarren 37rekin eta PSNk 18 eskuratu ditu. Iuk bakarra.
Baztanen %60,19koa izan da partehartzea, 6.338 laguneko zentsotik, 3.815ek eman baiture botua. Abstentzioa %39,81ekoa izan da, 2.523 lagunen aukera. Alderdirik bozkatuena Nafarroa Bai izan da 1.461 boturekin, UPNk 1.395, PSNk, 716 eta IUk 67.
Beintza-Labaienen, 222 laguneko zentsotik 127k bozkatu dute. Duela lau urte UPN izan zen alderdirik bozkatuena, baina oraingoan Nafarroa Bai gailendu da 51 boturekin, duela lau urte baino 8 gehiago. UPNk 7 botu galdu ditu eta 41ekin gelditu da eta PSNk 24 eskuratu ditu. Iuk bakarra.
Beran, 2.865 laguneko zentsotik 1.612k eman dute botua, duela lau urte baino 402 guttiagok. 1.253 lagunek ez dute boturik eman. Alderdirik bozkatuena Nafarroa Bai izan da, 724 boturekin, nahiz eta kasik 200 botu galdu dituen lau urteotan. PSN da bigarren alderdia Beran eta 429 eskuratu ditu, aitzineko hauteskundetan baino 63 gehiago eta UPNk 337, azkenekoetan baino 35 guttiago. Iuk ere beheiti egin du eta 47tan gelditu da.
Bertizaranan, 517 laguneko zentsotik 307k bozkatu dute eta 210ek ez. Nafarroa Baik 141 botu eskuratu ditu, UPNk 96 eta PSNk 36. Abertzaleek beheiti egin duten bitartean, erregionalistek eta sozialistek goiti egin dute. Iuk 8 botu eskuratu ditu.
Donamarian, 340 laguneko zentsotik 203k bozkatu dute eta 137k ez. Botuen erdirsuak Nafarroa Baik eskuratu ditu, 101, nahiz eta beheiti egin duen. UPNk ere zerbait beheiti egin du, 50 boturekin eta PSNk goiti, 36 boturekin.
Donezteben partehartzea handi xamarra izan da eta 1.152ko zentsotik 781ek bozkatu dute eta 371k ez. Nafarroa Baik kasik 60 botu galdu ditu, baina halere lehen indarra da 312 boturekin; UPN bigarren 234rekin, 10 botu irabaziz eta PSN hirugarren 180 boturekin, duela lau urte baino 48 gehiago. Iuk ere 5 botu gehiago ditu, 20.
Elgorriagan, 170 laguneko zentsotik 111k bozkatu dute, 59k ez. Nafarroa Baik 51 botu eskuratu ditu, UPNk 26 eta PSNk 24. Iuk bakarra.
Eratsunen, 157 lagunetik 87k bozkatu dute eta 70ek ez. Nafarroa Baik 53 botu eskuratu ditu, UPNk 19 eta PSNk 13.
Etxalarren, abstentzioak %50a gainditu du. 643 laguneko zentsotik 310ek bozkatu dute, baina 333k ez. Nafarroa Bai 147 botu eskuratu ditu, duela lau urte baino 16 guttiago. UPNk ere 5 botu beheiti egin du eta 86 eskuratu ditu eta PSNk 12 goiti egin eta 52 lortu ditu. IU 6 boturekin gelditu da.
Ezkurran abstentzioak %60a gainditu du. 175 laguneko zentsotik 67k bakarrik bozkatu dute eta 108k ez. Botuen erdiak Nafarroa Bairentzat izan dira, 33, baina duela lau urtetik 22 galdu ditu. UPNk 19 eskuratu ditu, 3 guttiago eta PSNk 13, bi gehiago. IU botu bakarrarekin gelditu da.
Goizueta izan da eskualde osoan abstentzio gehien izan duen herria, %80a. 692 laguneko zentsotik 139k bakarrik bozkatu dute eta 553k ez. Nafarroa Baik 98 botu eskuratu ditu, baina duela lau urte 204 zituela kontuan hartu behar da. PSNk 21 botu lortu ditu, duela lau urte baino 10 gehiago eta UPNk 14, bat galduz.
Igantzin, Bortzirietako partehartzerik handiena izan da portzentaian. 501 lagunetik 305ek eman dute botua eta 196ek ez. Nafarroa Baik lortu ditu botuen erdia baino gehiago, 156, nahiz eta 20 galdu 2004arekin konparatuz. PSNk 75 lortu ditu, 2004an baino 12 gehiago eta UPNk 59 lortu ditu, 6 guttiago. IU 2rekin gelditzen da.
Iturenek ere, abstentzioak %50a gainditu du. 400 laguneko zentsotik 194k bozkatu dute eta 206k ez. 2004arekin konparatuz 27 galdu baditu ere, botuen hirutik bi Nafarroa Baik eskuratu ditu, 131. PSNK 29 lortu ditu eta UPNk 24. Hauek ere beheiti egin dute eta IU boturik gabe gelditu da Iturenen.
Leitzan abstentzioa %58 ingurukoa da. 2.397 laguneko zentsotik 1008k bozkatu dute eta 1389k ez. Botuen artean, Nafarroa Baik erdia baino gehiago eskuratu du, 534, baina 2004ko datuekin konparatuta, 253 botu galdu ditu. UPN da bigarren indarra 249 boturekin, baina hauek ere 20 botu galdu dituzte. PSK 185 botu ditu Leitzan, 2004an baino 36 gehiago.
Lesakan, 2.257 laguneko zentsotik 1.218k bozkatu dute eta 1.039k ez. Nafarroa Baik hartu ditu botuen erdiak, 608, nahiz eta 2004tik kasik 150 galdu. PSN bigarren indarra bihurtu da, 50 botu irabaziz eta 294 lortuz eta UPNk 35 galdu eta 235tan gelditu da. Iuk 26 eskuratu ditu Lesakan.
Oitzen ere abstentzioak %50a aisa gainditu du. 121 laguneko zentsotik 50ek bozkatu dute eta 71k ez. Botuen erdia baino gehiago Nafarroa Baik eskuratu ditu, 31, UPNk 9, PSNk 7 eta Iuk bakarra. Talde guziek zerbait beheiti egin dute.
Saldiasen, 118 laguneko zentsotik, 62k bozkatu dute eta 56ek ez. Nafarroa Baik botuen erdiak hartu ditu, 31. PSNk igoera nabarmena izan du, 3tik 15 botura pasatuz eta UPNk 12tik 10era jautsi da. Iuk botu bakarra du.
Sunbillan, 575 laguneko zentsotik, 344k eman dute botua eta 231k ez. Botuen erdia baino gehiago Nafarroa Bairentzat izan dira, 190, nahiz eta 54 botu galdu 2004ko hauteskundeekin alderatuta. PSNk bigarren postua botu bakarrarengatik mantentzen du. 70 ditu PSNk eta 69 UPNk. Dena den PSNk 11 botu galdu ditu eta UPNk 16 irabazi.
Urdazubi da eskualdean UPNk irabazi duen herri bakarra. Partehartzea ere handia izan da, 2004ko hauteskundeetan baino handiagoa izan duen herri bakarra baita Urdazubi. 319 laguneko zentsoan 241ek bozkatu dute eta 78k ez. Erran bezala, UPN izan da nagusi, 91 boturekin. 25 irabazi ditu 2004ko hauteskundeekin konparatuta. Nafarroa Baik 20 galdu eta 82 botutan geldit uda eta PSNk 9 irabazi eta 46tan gelditu da.
Urrotzen, 153 laguneko zentsotik 90ek bozkatu dute eta 63k ez. Nafarroa Baik doi-doi irabazi du, 39 boturekin. UPNk 31 eskuratu ditu eta PSNk 13.
Zubietan ere abstentzioak %50aren muga gainditu du. 259 laguneko zentsotik 110ek bozkatu dute eta 149k ez. Nafarroa Bai da indar nagusiena, 7 botu irabaziz gainera. 72 eskuratu ditu. PSNk 15 ditu eta UPNk 14, bakoitzak bina botu irabazita.
Zugarramurdin, azkenik, 181 lagunetik 116k bozkatu dute eta 65ek ez. Nafarroa Bai da indar nagusia 57 boturekin, UPNk 37 lortu ditu eta PSNk 15.