2. mailako Nafarroako paleta gomako txapeldun izan dira Oskariz eta Berho

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Lehen mailan azpitxapeldun Antxordoki eta Telletxea

Gazia eta gozoa. Bietatik izan zuten Iturramako frontoian Nafarroako paleta goma txapelketaren finaletan parte hartu zuten Arkupe elkarteko pilotariek.

Lehen mailako finalean gazitik dastatu behar izan zuten Guillermo Antxordoki igantziarrak eta Imanol Telletxea lesakarrak, 16 eta 30 galdu baitzuten Sanchez eta Merindanoren kontra. Atzelariak, batez ere, partida bikaina jokatu zuen eta Bortzirietako pilotariek ezin izan zuten deus ere egin. Saiatu saiatu ziren eta lekuz ere aldatu zuten, atzelaria aitzinean paratuz eta alderantziz, baina ezinezkoa suertatu zen. Hasieran berdindu samar joan arren, azkenean alde nabarmena lortu zuten Sanchez eta Merindanok.

Bigarren mailan, berriz, Arizkungo Joseba Oskarizek eta Oronozko Carmelo Behrok gozotik probatu eta txapela janztea lortu zuten. Final estua izan zen eta abantaila handiegirik ez zen ikusi markagailuan. Azkenean, Oskariz eta Berhok 30 eta 26 irabazi zieten Perez eta Espinali.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun