Iruritako Urrutia anaiek eta Etxenikek irabazi dute paxaka txapelketako IX. edizioa

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Paxaka txapelketaren IX. edizioan lehenbiziko lau postuetan gelditu diren pilotariak ageri dira argazkian, martxoaren 1ean Iruritan jokatutako finalaren egunean. Tartean txapela soinean Igor eta Oskar

Iaz ere Urrutia anaiak atera ziren garaile, orduan Elizaintzinekin

Joan den urtean bezala, Iruritako Oskar eta Igor Urrutia anaiak izan dira aurten ere paxaka txapelketako txapeldunak. Iaz Andres Elizaintzin izan zuten lagun eta aurtengo IX. edizioan Mitxel Etxenikek jantzi du txapela beraiekin. Martxoaren 1ean Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatutako final handian 9 eta 5 irabazi zieten Joseba Urtasun, Jesus Garate eta Cesar Sarrateari.
Hirugarren posturako lehian emozio guttiago izan zen eta Xabier Ripa, Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarreak 9 eta 3 irabazi zieten Miguel Bidegain, Iñaki Zabaleta eta Jesus Etxenikeri.
Beraz, honela gelditu da IX. paxaka txapelketako behin betiko sailkapena: txapeldunak Iruritako Urrutia anaiak eta Etxenike. Azpitxapeldunak Iruritako Urtasun, Garate eta Sarratea. Hirugarrenak Iruritako Ripa, Etxenike eta Iñarrea. Laugarrenak Bidegain, Zabaleta eta Etxenike.
Aipatu bezala, Urrutia anaiak txapeldun izan ziren iaz Elizaintzinekin. 2001ean ere txapelketa irabazi zuten eta 2003tik 2006ra lau ediziotan azpitxapeldun izanak dira, gehienetan Elizaintzinekin eta 2004an Ballarenarekin. Beharbada beraiek izanen dira paxaka txapelketa honetan garaikur gehien lortu dituztenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun