«Eskuz ez segitzeak min egin zidan, baina erremontean beste aukera bat daukat»

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

TTIPI TTAPA

Josu BALEZTENA - Eratsungo erremontista profesionala

• 18 urterekin debutatu ondotik, Josu Baleztena Iruretagoiena eratsundarrak sei urte eta erdi eman zituen eskuz profesionaletan, baina Aspe enpresak kontratua ez ziola berrituko jakinarazi zion joan den urte hondarrean.
• 2007ko San Migel egunean, irailaren 29an, jokatu zuen azken partida eskuz profesionaletan. Bost hilabete eskas beranduago, otsailaren 24an erremonte profesionalean debuta egin zuen.
• Ibilbide berriari garaipenarekin ekin zion. Etxeberria IV.a lagun zuela, 35-31 irabazi zieten Matxin IV.a eta Etxezabali Euskalen. Atzelaria da orain, «postura behekoa baita».

Aitor AROTZENA 2001eko apirilean debuta egin zuen profesionaletan Aspe enpresarekin Josu Baleztenak, 18 urterekin eta sei urte eta erdi eman zituen enpresa horretan. Baina enpresak kontratua ez ziola berrituko jakinarazi zion. Erabakiak ustekabean harrapatu zuen Baleztena, hobekien ari zenean heldu zela uste baitu: «Azkeneko urtea onena izan zen. Jokoz ongi nintzen eta eskuek ere errespetatzen ninduten, beti arazoak izan baititut eskuekin, baina horiek atzenduak nituen». Esku pilotan izan zituen estadistikak begiratuta, 258 partida jokatu zenituen profesionaletan, horietatik 123 irabazi, 135 galdu… Zenbakiak hotzak dira, ordea, eta Baleztenari esku pilotak zer sentsazio utzi dion galdegin diogu: «Bizi guzian beti esku pilota izan dut buruan. Ilusio handia nuen, baina gaur egun enpresek pilotaria arrunt gazterik destakatzea nahi dute. Nik beti aditu dut pilotaria 25 urtetan egiten dela, baina nik 18 urtetan debutatu eta segituan nahi zuten figura bat izatea eta hori zaila da. Hori gutxik egiten dute eta bakoitzari bere denbora eman behar zaio. Nik oraindik zerbait egiten ahal nuenaren sentsazioarekin utzi dut esku pilota».

Aitxatik irekitako bidea segituz

Erabakiak min handia eman zion, baina lur jo beharrean, erremontearekin probatzea erabaki zuen, Migel Mari Urrutia lagunaren aholkuari segituz. Entrenamendu gogorrak egin ditu. Afizionatu mailan, Nafarroako txapelketako eta Euskal Ligako finalerdietara ere ailegatu zen eta otsailaren 24an, garaipenarekin debuta egin zuen profesionaletan Euskalen. «Dena azkar joan da eta oraindik ametsetan nagoela iruditzen zait, nere burua esku pilotari bezala ikusten baitut, arraroa egiten zait».
Bitxikeria gisara, Juanito Iruretagoiena Getaria bere aitatxik ere ibilbide beretsua egin omen zuen. Eskuz, afizionatu gisara 22-21 galdu omen zuen Gallastegiren kontrako partida bat (azken dejada txapara joan zitzaiola kontatzen omen zuen sarritan) eta gero erremontean aritu zen. «Ibilbide bera egiteak izugarrizko ilusioa egiten dit, baita amari ere».
Modalitatez aldatu diren pilotariak aipatuz, Urriza duela urtebete palaz aritzen zen eta aurten erremontean Faustino txapelketa irabazi du Lizasorekin. «Horrek morala ematen dit, hain denbora gutxian egin du eta esaten duzu, ‘zergatik ni saiatu ez?’».
Lizaso, Urrutia… Momentuko atzelari onenak Malerrekakoak dira, hurbilekoak… «Eredu onak dira eta asko erakusten dute. Urrutia lehen hilabeteetan erakusten aritzen zitzaidan eta orain brometan esaten dit, ez didala gehiago erakutsi beharko, laster konpetentzia izanen naizela… Lasai egoten ahal da oraindik!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun