Larretxeatarrak urrez jantzi dira

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

TTIPI TTAPA

Binakako Urrezko Aizkora irabazi zuen Donatok elite mailan eta Garikoitz eta Oihanek gazteetan

Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak lortu zuten Binakako Urrezko Aizkora, martxoaren 1ean Azpeitian jokatutako finalean Anjel Arrospide eta Iñaki Aierbe mendean hartuta.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi zuten finala; aizkolari bakoitzak enbor erdia moztu behar zuen. Arrospide eta Aierbe izan ziren nagusi, 36 kolpetan erdibitu baitzuten enborra, aurkariek baino bat guttiago behar izan zuten.
Bigarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana. Larretxeak eta Atutxak hortxe lortu zuten lehen garaipena (1’37”). 12 segundo atera zizkieten aurkariei.
Hirugarren lanean, 80 ontzakoa zutik, eta txanda librean moztu behar zuten; gipuzkoarrek hor zuten aldea lortzeko aukera, baina ez zen hala izan. Irabazi egin zuten (8‘01”), baina 3 segundo bakarrik atera zizkieten Donato eta Aitzoli.
Laugarrengoan, kana-erdiko bat zutik eta bertze bat etzanda moztu behar zituzten, bakoitzak bana. Horretan ere gipuzkoarrek aukerak zituzten, baina ez zuten asmatu; Larretxeak eta Atutxak aitzinetik bota zituzten bi enborrak (4‘25”), eta 11 segundo atera zituzten. Saio bakarra falta zen finala akautzeko, eta hogei segundo zituzten alde Larretxeak eta Atutxak. Finala nork irabaziko zuen nahiko garbi zegoen eta azkeneko lanean, bikote bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten txanda librean.
Atutxa eta Larretxea lehen enborretik paratu ziren aitzinean, eta lan erdia egiterako auzia erabakita zegoen. Azkeneko lana, 16 minutu eta 4 segundotan akautu zuten, eta minutu bat eta 31 segundoko aldea kendu zieten gipuzkoarrei. Lan guztiak burutzeko 30 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 32 minutu eta 38 segundo, berriz, Arrospidek eta Aierbek.

Lehia estua gazteetan

Gazte mailan ere Larretxeatarrek jantzi zuten txapela, baina 13 segunduko aldea bakarrik atera zieten Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrei. Beraz, gazteen finalean emozio gehiago izan zen. Izan ere, leitzarrak nagusi izan ziren hasierako hiru probetan baina azken saioan, alde horri buelta ematea lortu zuten Larretxea lehengusuek. Beraz, egun borobila Larretxeatarrentzat, Azpeitiatik hiru txapel lortu baitzituzten.

«Gau polita izan da»

Donato Larretxea kontent zegoen finala akaututa: «Hiru txapel daramazkigu etxera, eta hau gogoan izateko modukoa da. Gau polita izan da», onartu zuen.
Ttipi-Ttapa finala baino lehen ere izan zen Larretxeatarrekin. Hainbertze aizkolari gazterekin aizkora biziberritzen ari ote den galdetuta, zera erran zigun Donatok: «Momentuan 18 urte inguruko gaztedi polita ari da aizkoran, ongi ari direnak. Gaia badute, baina egunero-egunero segitu egin behar da aurrera ateratzeko. Adin zaila da, parranda egitea izaten dute buruan eta pixka bat hori alde batera utzi behar da. Norbere gorputza zaindu egin behar da. Hori arazoa da». Garikoitzentzat ere pozgarria da hainbat gazte aizkoran ikustea. Oihanen ustez, «egia da urte batzuk izan zirela aizkolari gazterik gabe eta orain gure kinta inguruko aunitz bagara, behetik goiti heldu garenak. Esperantza behinik behin badugu aurrera ateratzeko eta hortan saiatuko gara».
Larretxea gazteek orain arte ikasitakoa aita eta osabari zor dietela onartzen dute: «Egurra mozten, aizkorari tiratzen, plazetan ibiltzen. Dakigun guzia beraiei zor diegu» dio Garikoitzek. Oihanen ustez ere, «aitak esperientzia pilaka du, eta orain sasoi guttixeago izanda ere, esperientzia horrekin moldatzen da eta aizkora ederki mugitzen du». Donatok dioenez, semeak eta ilobak «nahiko maila ona dute eta segitzen badute etorkizun polita dutela iruditzen zait, hori beraien baitan dago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun