Julien Fagoaga herritar ezagunaren hiltzeak tristura haundia sortu du Senperen. Bere etxean jasan duen ez behar baten ondorioz zendu da berriki. Bere ehorzketak martxoaren 4an egin ziren eliza jendez mukuru betea zelarik.
Familiak eta ehunka lagunek agur beroa bezain hunkigarria eskaini zioten. Ilehoria eta begi urdinak zituen mutilak milaka oroitzapen on utzi dizkio Senpereko gazteriari. Eskolan lagun anitz izan du beti Julienek eta eskolatik kanpo ere ez da sekula geldirik egon. Ibarrungo besta komitean eta pilota plazetan ere adiskide anitz izan du.
Ibarrungo semea gusturat aritu da beti pilotan baina kirolean zituen dohainak errugbi zelaietan erakutsi ditu bereziki, eta hori ttiki-ttikitatik. Julien gibeleko jokalari paregabea zen eta harro janzten zuen hamabortzgarren zenbakia duen atorra. Ator hau hil kutxaren gainean ezarri zioten preseski azken agurraren egunean. Nehork ez du sekula ahantziko Senpereko koloreak aski gora eraman zituela bere lagunekin 2003an Federal bi sailerat upatu zelarik SPUC taldea, urte osoan emaitza onak erdietsi ondoan. Julienen joateak golpe latza eman dio gure errugbi taldeari. Julien 1977an sortu zen eta urte horretako hiltzen den lehen senpertarra da. Iazko uztailean, 30 urte bete zituzten adiskideen elgarretaratzean parte hartu zuen. (Lerro hauek izkiriatzen dituenak orduan ikusi eta mintzatu zuen azken aldikotz). Mota anitzeko omenaldiak merezi ditu Julienek eta aipagarria da Sebastien Gonzalezek egin ziona pilota partida bat irabazi ondoan Barriolarekin, Eibarren. Azkaindarrak Arretxean ikasi zuen eta kolegio hortan ongi ezagutu zuen Fagoagatarren bigarren semea. Euskal Telebistako Xabier Euzkitzeren mikroan garaipen berriaz mintzo zelarik, Gonzalezek besarkada beroa luzatu zien Julienen familiari eta lagunei. Martxoaren 10ean, 31 urte bertzerik ez zituen beteko Julienek. Gazteegia, dudarik gabe, betiko alor goxorat gateko...