Aritz Meoki da Doneztebeko Gazte Burrunba elkarteko presidente berria

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Joan den ortziralean, otsailaren 29an egindako bileran, Doneztebeko Gazte Burrunbako bazkideak zuzendaritza berria aukeratu zuten, belaunaldi aldaketa bideratuz.

Batzorde berria

Honela, presidentea Aritz Meoki izanen da; presidente ordea, Jon Etxekolonea; diruzaina, Miren Martin eta idazkaria, Koldo Legarra. Gazte hauek 21 eta 22 urte dauzkate, ondorioz, Gazte Burrunba elkarteak bilatzen zuen generazio edo belaunaldi aldaketa eman dela erraten ahal da. Lehen bilera hauetara ilusioz beterik etortzen dira, eta horixe da garrantzitsuena, etorkizunen lana egin ahal izateko.

Kuadrila bakoitzak bere bokala

Zuzendaritza batzorde berriko kideek aipatu dutenez, bokalekin funtzionatu nahi dute. Hau da, kuadrila bakoitzak bere bokala izatea elkartean eta honek bileretan erabakitako gauzak lagunartean jakinaraztea. Gainerakoan, funtzionamendua berdin segituko du, eta Azkarretan elkartuko dira. Lehen zuzendaritzan ibilitako jendeak ere bileretara joaten segitzeko asmoa du, elkarteak nahi duen bezala, belaunaldi edo adin ezberdinetako gazteak elkartzea ahalbidetuz eta beraien esperientzia gazteenekin konpartitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun