Ttipi-ttaparen datuen arabera, aldizkariaren Nafarroako eskualdean 261 haur jaio ziren 2007an, 137 mutiko eta 124 neska. Mutikoen artean, Mikel izan zen izenik erabiliena, 11 kasurekin, Oier bigarrena 8rekin eta Aitor hirugarrena, 7rekin. 6 Aimar jaio ziren iaz eskualdean eta Iker izenak bosgarren postua eskuratu zuen gurean, 5 mutikorekin, Oihan bezalaxe. Nesken kasuan, ordea, erabiliena Uxue izan zen, zortzi neskei jarri baitzieten izen hori iaz, seiri Maddi eta bosna Ane, June eta Irati jaio ziren 2007an.
Nafarroari dagokionean, Lucia eta Iker izan ziren 2007an, bertze urte batez, jaioberriei gehien paratu zitzaizkien izenak. Nesken kasuan, Luciaren ondotik, Nahia izan zen erabiliena, eta Paula hirugarrena. Ondotik, Irene, Irati, Leyre eta Leire, Maria, Ane eta Sara sartu ziren hamar lehenbizikoetan. Kontuan hartu behar da 98 Leire jaio zirela, baina erdiak y grekoaz eta bertze erdiak i latinoaz idatziak daudenez, ezberdintzat jo dituela Nafarroako Estadistika Institutuak. Mutikoen kasuan, Iker izan zen erabiliena; Jabier bigarrena, eta Asier hirugarrena. Ondotik, Mikel, Aimar, Pablo, Unai, Aitor, David eta Daniel zeuden hamar erabilienen artean. Aipatu, Jabier eta Xabier izen bakartzat joz gero, lehen postuan leudekela.