Aurtizko Ostatua errentan hartzeko azken eguna martxoaren 18a izanen da

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Hasieran, bortz urterako emanen da, bertze bortz urtez luzatzeko aukerarekin

Udalak otsailaren 11n egindako osoko bilkuran erabaki zuen Aurtizko Ostatua enkante publikora ateratzea. Hala, Aurtizko ostatua, hostala eta jatetxearen zerbitzua errentan esleitzeko baldintza hauek zehaztu zituzten:

Alde batetik, errentaren iraupena bortz urtekoa izanen da, eta gerora, bertze bortz urtez luzatzeko aukera egonen da. Alokairuak bi osagai izanen ditu. Batetik sari finkoa eta bertzetik, hilabeteko kuota. Sari finkoa 6.000 eurokoa (horri %16ko BEZa gehitu behar zaio) izanen da eta 60 hileko kuoten bitartez ordaindu beharko da, bakoitzean 100 euro eta BEZari dagokiona ordainduz.
Bertzalde, hilabeteko alokairuan, 400 euro eta %16 BEZa gostako da. Hori izanen da hasierako prezioa.
Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 18an bukatuko da. Egun hori baino lehen idazkaritzan eman beharko da izena. Behin-behineko fidantza 1.500 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun