ttipi-ttapa Elgorriagako Bautista Irurueta pilotazale amorratua da. 1946ko apirilaren 18an sortua, gaur egun 61 urte ditu eta duela urte batzuk pilotarako desafioa bota zien bere adinekoak edo zaharragoak diren pilotariei. Pilotarako grina gaztetatik datorkio, 18 urterekin eta pilotarako dohainak izanda ez baitzuen Baztan-Bidasoako gazte mailako txapelketan parte hartzerik izan. Orduan hala erran omen zion bera baino hogei urte zaharragoa zen anaiak: «Plaza gixon, kaka gixon, hortik ez duk ogirik aterako!». Geroztik, bederatzi urte egin zituen artzain Ipar Ameriketako mendi eta basamortuetan. Oraindik orain pilotarako grina handia du Bautista Iruruetak eta arantzatxo hori kentzeko asmoz, pilota partidaren bat jokatu nahi luke bere adinekoa edo zaharragoa den Baztan, Malerreka, Bidasoa edo Urumea aldeko pilotariren baten kontra. Horretarako gogorik duenak 646 799828ra deitu eta Bautista Iruruetarekin adostuko du partida non, noiz eta zer materialekin jokatu.