Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, Lizarrako Julio Caro Baroja Museoaren bitartez, ondare etnologikoari buruzko bi DVD argitaratu berri ditu. Horietako batean, Etxalarko usategiei buruzko 32 minutuko erreportajea ikusteko modua dago. XIII. mendetik honat ehiza modu tradizionalean nola mantendu dugun ageri da DVDan. Guztira 150 ale argitaratu dira baina ez dira salduko. Horietako ehun Nafarroako liburutegi publikoetan daude ikusgai eta gainerakoak, Etxalarko Herriko Etxera, inguruko museo etnografikoetara, gisa honetako ikerketak egiten dituzten erakundetara eta Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnografikoaren laguntzaileei bidali zaizkie.