Ailegatu da Nafarroako bertsolaritzaren egun haundia, aurtengo bertsolari txapelketa, alegia. Erika Lagoma (Lesaka, 1981), Xabier Legarreta (Arano, 1977), Jon Barberena (Elizondo, 1979), Julen Zelaieta (Bera, 1980), Xabier Terreros (Lesaka, 1981), Julio Soto (Iruñea, 1987), Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975) eta Migel Mari Elosegi Luze (Leitza, 1970). Horiexek dira larunbat honetan Elizondoko Lur dantzalekuan Nafarroako txapela lortzeko lehian bertsotan arituko direnak. Denak ere gazteak.
Aurtengo txapelduna berria izanen da. Lehian ibili diren 25 bertsolarien artean Bittor Elizagoienek baino ez zuen jantzia lehenagotik txapela. Aurten, ordea, finaletik kanpo gelditu da. Azken bortz urteotan txapela jauntzi duen Xabier Silveira lesakarrak edizio honetan ez parte hartzea erabaki zuen; Estitxu Arozenak, berriz, joan den urtean utzi zuen txapelketako lehia.
Erika Lagoma (343 puntu), Xabier Legarreta (327 puntu) eta Jon Barberena (339 puntu) izan dira finalerako sailkatu diren lehen finalistak, Txantrean, Lekunberrin eta Beran jokatutako finalaurrekoetan lehenbiziko postuak lortu ondotik. Gainerako bortzak, berriz, puntuazio onena jaso dutenak izan dira. Julen Zelaieta 331 punturekin sailkatu da finalera, Xabier Terreros 320,5ekin, Julio Soto eta Iñigo Olaetxea 318,5 punturekin eta Luze 310ekin.
Zortziak larunbatean Elizondoko Lur aretoan elkartuko dira. Bertsolazaleentzako hitzordua 17:00etarako paratua dago.