Abeltzaintzarekin lotura zuzena duten azpiegitura eta ekipamenduetara bideratutako dirulaguntza onartu du Nafarroako Gobernuak. Guztira 3,5 milioi euro emanen dituela iragarri du eta bi urtera begira onartutako plana da: erdia aurten bideratuko luke eta bertze erdia hurrengo urtean. Joan den martxoaren 3an onartu zuen aipatu dirulaguntza Gobernuak.
Landa eremuetako garapen jasangarria bultzatzea omen da Nafarroako Gobernuaren helburua eta bide horretan, orografiak eta bertzelako arrazoiek hala behartuta azpiegitura berriekin lan egiteko aukerarik ez duten inguruei lagundu nahi die. Euren sektorean —kasu honetan abeltzaintzan— gibeleratuak gelditzeko arrisku haundiagoa dutelakoan onartu du bi urtetarako laguntza hau Gobernuak.
Ustiategietarako bideak hobetzeko
Landa Garapenaren Programaren barrenean, laguntza deialdiak larreen eta abentzaintzako tokiko azpiegituren hobetzea hartzen ditu bere baitan. Zehazki, laguntzak abere ustiategietara joateko bide publikoak hobetzeko izanen dira. Gisa berean, ur hornidura bermatzeko ere erabili nahi da dirua, hala nola, askak, tratamendu-eskortak, baltsak, langa kanadiarrak eta eskorta publikoak eraikitzeko. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, mendialdeko eta gibeleratuak gelditzeko arriskuak duten tokietako entitateek 5,28 milioi euroko inbertsioa eginen dute, eta horietatik 3,30 milioii euro Gobernuak finantzatuko ditu. Gainerako lekuetan, 333.333 euro inbertituko omen dira, eta horri aitzin egiteko, Gobernuak 200.000 euroko dirulaguntza emanen duela iragarri du.