Urte batzuen buruan, mendi lasterketek garrantzi handia hartu dute Euskal Herriko kirol egutegian. Gero eta gehiago dira paisaien edertasuna eta ibilbideen gogortasuna uztartuz gure geografian zehar antolatzen dituzten probak.
Euskal Mendizale Federazioak, hainbat kluben laguntzarekin, Mendi Lasterketen Euskadiko Kopa eta Euskadiko Txapelketa antolatzen du. Probak aukeratzeko garaian, Euskadiko Kopako lauzpabost lasterketak herrialde guztietara iritsi daitezen saiatzen dira. Horrela, Azkoitian (Gipuzkoa), Baigorrin (Iparralde), Olaztin (Nafarroa) eta Bizkaiko beste punturen batean jokatuko da norgehiagoka hori, eta Euskadiko Txapelketa Gazteizek hartuko du.
Kritikarik ez, puntu horretaraino behintzat. Arazoa lasterketak puntuatzeko garaian iristen da. Izan ere, ezin da ulertu Nafarroako Mendizale Federazioko lizentzia duten korrikalariek Euskadiko Kopan puntuatu ahal ez izatea eta Euskadiko txapela jantzi ahal ez izatea. Euskal Federazioko fitxa dutenek bakarrik jaso ditzakete puntuak, Euskal Mendizale Federazioaren araudiaren arabera. Ondorioz, gerta liteke Nafarroako lizentzia duen lasterkari nafar batek Gasteizko Euskadiko Txapelketa irabaztea, baina gero podiumera igotzeko eta bere izena palmaresean ikusteko eskubiderik ez izatea. Gauza bera gertatzen da Iparraldeko korrikalariekin.
Nafarroako herri batek Euskal Federazioko proba bat har badezake, nolatan ezin du nafar lasterkari batek proba horretan bertan puntuaziorik jaso? Zergatik ez da araudia aldatzen? Zergatik baztertzen dira Nafarroako Mendizale Federazioko lizentzia duten korrikalari nafarrak?
Txomin Irazoki - Manttale Mendi Lasterketa Taldeko ordezkaria