Bidasoa ibaiaren egoera hobetzeko neurriak zehaztu dira Uraren Foroan

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Foroaren aurkezpen egunean, ezkerretik hasita, Eva Gartzia Foroaren koordinatzailea, Nafarroako Gobernuko Uraren Zerbitzuko zuzendaria den Juan Jose Grau, Jose Nosellas Oieregiko Kontzejuko presidente

Zenbait herritan Ur hornidura ez dago bermatua

Uraren kultura aldatu behar da, eta Bidasoa ibaiaren egoera hobetu. Horiexek dira Uraren Forotik ateratako ondorio nagusiak. 2007ko martxoaz geroztik, Bidasoa ibaiaren egoerari buruz eztabaidan aritu dira Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 60 gizarte erakunde eta eragile, aditu talde batekin. Guztira 300 bat lagunek parte hartu dute eta Bidasoak zein arazo dituen zehaztu eta 63 neurri proposatu dira. Helburua ibaiari eta bere ekosistemari kalitatea itzultzea, ur-emaria bermatzea eta etxeetako zein enpresetako ur hornidura ziurtatzea da. Azken batean, ura zentzuz kudeatzea. «Ibaia ez delako ur hutsa. Ibaiertzak eta ibilguak, landareak eta animaliak, akuiferoak eta uharrak... Horiek denak ibaiaren parte dira». Hala adierazi zuen Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak otsailaren 25ean Bertizko Natur Parkean egindako foroaren aurkezpenean. Nafarroako Gobernuak abiatutako ekimena bederatzi hilabetez egin da eta guztira, zortzi bilera egin dira. Neurriak zein diren zehaztuta, orain, agintariei helarazi zaizkie, Iparraldeko Arroko Plan Hidrologikoa eta Gobernuaren plan sektorialak definitzeko.

66 kilometroko luzera du Bidasoa ibaiak, eta 105 erreka iraunkor ditu. Erratzun sortzen da eta Oronoz-Mugairitik aitzinera Bidasoa deritzo. Nafarroako zatian Endarlatzaraino ailegatzen da, eta handik aitzinerako bertze 10 kilometroak Gipuzkoan egiten ditu, Kantaurin itsasoratzen den arte. Bidasoatik urik kontsumituko ez bagenu, urteko bataz bertze 900 hm3ko ekarpena eginen luke. Baina 2002ko datuak kontuan hartuz, Kantauri aldeko arroan kontsumoa urteko 7 hm3koa zen. Kopuru altua, beraz. Eta gainera, zenbait herritan ur hornidura ez dago bermatua. Ekainetik irailera izaten da ur eskasiarik haundiena.

Bidasoaren egoera txarra da. Industria, abeltzaintza, nekazaritza eta herrietako isuriak tarteko, erreka aunitz kutsatuak daude: Intzola, Ibardin, Onin, Artesiaga, Gilenea, Zia eta Orabidea, hala nola. Ekosistema eta ibaiertzak ere egoera txarrean daude, eta ura zentral hidroelektrikoetara eta bertze erabilera batzuetara bideratzen delako ez dago emaririk. Arrantzan ere badu eraginik, izan ere, behar adinako emaria ez egoteak, zenbait tartetan uraren tenperatura haunditu du eta zenbait espezie ugaritu egin dira, ubarroiak eta lertxunak, adibidez.

Arazo nagusi horiei aitzin egiteko, 63 neurri proposatu dituzte Uraren Foroan. Nagusienak hauek dira: ur kantitatea bermatzeko zaintza eta kontrol programak lantzea, eta zentral hidroelektrikoen ur erauzketak garaian garaiko emarira moldatzea; uraren kalitatea hobetzeko gune kutsagarrien kontrola egitea eta 2.000 biztanletik beherako herrietan araztegiak paratzea; ibai-ekosistemaren kalitatea hobetzeko ibaia garbitu eta mantentze lanak egiteaz gain, uraren ibilbidea eta ibaiertzak berreskuratzeko planak garatzea; uraren erabilera iraunkorra sustatzeko, ur sarea berrikusi beharko litzateke galera nagusiak saiheste aldera. Horrez gain, ura kontsumitzeko tarifak berriak ezarri nahi dira neurri gabeko kontsumoa zehazteko. Uraren erabilera iraunkorra kontuan hartuko duten hirigintza planak garatzea ere neurrien artean dago; kudeaketa eta kontrola hobetzeko ura batera kudeatzeko erakunde bat eratzearen aldekoak dira Uraren Foroan. Gisa berean, Nafarroako Gobernuak inplikazio handiagoa izan beharko lukeela erran zuten aurkezpen egunean.

Eraginkortasuna haundiagoa izan dadin, neurri horiek biltzen dituen Bidasoari irtenbideak bilatzen izeneko argitalpena banatuko da herritarren artean, euskaraz eta gazteleraz egindako liburuxka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun