«Baldintza txarrengatik hemendik joan da jendea, eta okerrago gelditu gara»

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Benedicto AGIRRE Baztango Osasun Zentroko zuzendaria TTIPI TTAPA

• Nafarroako landa eremuko erizain eta medikuak, Osasunbideko langileak, lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira.
• Langile eskasia dago: Leitzan 5 mediku behar dira eta 3 dira kontratatuak; Lesakan 4 mediku behar dira eta 3 kontratatuak; Elizondon 7 mediku behar dira eta 3 kontratatuak; Donezteben 3 mediku behar dira eta 2 kontratatuak. Erizainetan gabezia ez da hainbertzerakoa.
• Egoera hobeki azaldu digu Benedicto Agirrek, Baztango Osasun Zentroko zuzendari eta Urdazubiko medikua denak.

Landa eremuetan Osasunbideko langileen lan baldintzak hobetzea nahi duzue. Zer da zehazki eskatzen duzuena?

Arratsaldeko eta gaueko turnoak egiteko langileak behar dira, Etengabeko Arreta eskaintzeko. Arazoa, batez ere, herrietan dago, eta ez Iruña inguruan. Elizondon, erraterako, orain arte bi lagun arduratzen ziren Etengabeko Arreta zerbitzuaz, eta orain bakarra. Hortaz, titularrek egin behar dute goizeko eta arraltsaldeko nahiz gaueko lana. Eta biharamunean berriz lanera.

Joan den abenduan administrazioak proposamen berria egin zuen, plantila zabalduko zuela erranez...

Baina ez da horrela izan, eta azken urte honetan hori da arazoa. Orain arte hemen medikuak baziren, baina Nafarroan, zehazki, ez zen bertze autonomia erkidegoetan edo atzerrian adina kobratzen. Kanpoan hemen baino aunitzez gehiago kobratzen zuten, ordua hemengoarekin konparatuz bikoitza. Azkenean, jendea Nafarroatik joan egin da. Geroztik ordainsaria zertxobait igo da, baina ez da langilerik lortzen. Hori zen abenduan administrazioak proposatutakoaren aitzinetik zegoen egoera, eta ez dute aldatzea lortu.

Otsailaren 25ean medikuen 126 eta erizainen 124 plaza oposizio bidez emanen direla iragarri zuen Gobernuak...

Hori da asmoa azken urtean, baina non dira? Baztanen erraterako, zazpi mediku behar dira, hiru dira kontratatuak eta lau kontratatu gabe daudenak. Batez ere medikuetan dago gabezia. Erizainak orain ongi daude, baina justu. Gehiago behar baldin badira, edo batek baja hartzen baldin badu, maingu geldituko gara erizainekin ere.

Protesta hauetan langile finkoek eta ez finkoek bat egin duzue?

Langile ez finkoek orain arte aski kontratu txarrak eduki dituzte, ordainsari kaskarrekin, opor egunik gabe... Orain, euren kontratua hobetu da, baina halere, Nafarroatik joan dira, eta gaizki gelditu gara hemen. Arreta Etengabea eskaintzeko lehen tarteka egiten genuen lan, eta orain astean hiruzpalau egunez. Hori goizeko lanaz gain. Elizondon, adibidez, zortzi mila herritarrei eskaini behar zaie zerbitzua eta guardia bi medikuk egin behar dute. Gauez, egun aunitzetan bi aldiz jaiki behar dute, eta gero lanera goizean berriz!

Akordiorik ezean, protesta gehiago eginen dituzue?
Baldintza hauetan ezin dugu lanik egin! Medikuak ez badu ongi deskantsatzen ezin du ongi lan egin. Medikuaren lana hagitz delikatua da, eta erne egon beharra dago. Azken urtebetean baldintza txarretan gaude, Osakidetzako langileak baino okerrago gaude Nafarroan, eta sindikatuak duela bi hilabete hasi ziren mugitzen. Sindikatu guztiek bat egin dute eta hori seinale ona da. Administrazioarekin astero biltzeko gelditu gara, eta ea horrela zerbait lortzen den. Halere, niregatik balitz aspaldi utzia izanen nion lan egiteari!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun