Haur Kantari jaialdien saioa eginen da Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 6a

Larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera eskualdeko zenbait kantari ariko dira

Nafarroako haur kantari jaialdian, Elizondon otsailaren 23an egindako saioan parte hartu zuten eskualdeko hainbat kantarik, baina bertze batzuk larunbat honetan, martxoaren 8an, Lekunberriko udal kiroldegian izanen dute hitzordua arratsaldeko 6etatik aitzinera.

Malerrekako abeslariak

Doneztebeko Sara Apeztegiak eta Nerea Matxiñenak osatutako bikoteak Sugan taldearen “Itxura garestia” abestuko dute, Garbiñe Olazar eta Ainhoa Gartziarena kitarran, Unai Urroz baterian eta Nerea Telletxea pianoan lagun dituztela. Donamariako Naiara Aizpuru bakarlariak “Nahia” abestia kantatuko du, Los Secretos taldearen “Agarrate a mi Maria” kantaren bertsioa. Honek ere Garbiñe Olazar eta Ainhoa Gartziarena izanen ditu lagun kitarran, Unai Urroz baterian, Asier Otxandorena akordeoiarekin eta Iratxe Garde pianoarekin. Iturengo Garbiñe Olazar bakarlariak, Mikel Laboaren “Izarren hautsa” kantatuko du, baina Ken Zazpiren bertsioan oinarrituta. Garbiñek berak joko du gitarra.

Lekarozko Ttuku-ttuku taldeak “Aitorren hizkuntz zaharra” abestuko du.

Goizueta eta Leitzako kantariak

Goizuetako Oihane Zugarramurdik eta Ainhoa Zabaletak osatutako bikoteak, Oskorrik Jon Sarasuaren letrarekin egindako “Topa dagigun” abestia kantatuko du eta Goizuetako taldeak, Sugan-en “Zarena zarelako”. Goizuetako talde honetan, Garazi Loiartek, Iaritza Apezetxeak, Janire Bakerok, Ainhoa Zabaletak eta Oihane Zugarramurdik parte hartuko dute. Leitzako Garazi Erbiti bakarlariak bi abesti eskainiko ditu, Iparragirreren “Gazte gaztetatikan” eta Gorka Knörren “Azken agurraren negarra”. Leitzako Naia Barriola bakarlariak, berriz, “Iraganaren islada” kantatuko du.

Azken saioa Iruñeko Gaiarren martxoaren 16an

Gure eskualdeko bakarlari, bikote eta taldeekin batera, Lakuntza, Irurtzun, Larraintzar, Jauntsaras, Iruña eta Lekunberrikoak ariko dira saio honetan. Lekunberriko saioaren ondotik, hurrengo igandean, martxoaren 16an Iruñeko Gaiarre antzokian eginen den azken saioan parte hartuko duten abeslarien izenak jakinaraziko dira. Saio honetara, Tuteran, Elizondon, Antsoainen eta Lekunberrin nabarmendutako kantariak gonbidatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun