Arkupeak erretiratuen elkarteak urtero antolatzen duen Gimnasia erakustaldia martxoaren 27an, ortzegunarekin eginen da, azken urteetan bezala Berako kiroldegian. Besta honetan parte hartzeko izen emateko epea martxoaren 1ean ireki zen eta martxoaren 10ean, heldu den astelehenean itxiko da. Gimnasia egin behar duten Arkupeak elkarteko bazkideek doan izanen dute bazkaria. Gainerakoek, hau da, gimnasiarik egiten ez duten bazkideek edo bazkide ez izanda gimnasia egiten dutenek, 30 euro ordaindu beharko dute. Berara joateko autobusen ordutegia izenak eman ondotik jakinaraziko dira.
Iaz hildako mendizaleei omenaldia
Aurtengoan, berezia izanen da Gimnasia besta, izan ere Arkupeak elkarteak omenaldia eskaini nahi die 2007an hil ziren mendizale lesakar eta beratarrei, Unai Etxepareri, Luis Mari Pikabea Lorori, Xabier Saralegiri eta Xabier Zubietari. Horretaz gain, eskerrona agertuko zaio Nafarroako Emergentzia Agentziako zuzendariari, David Sainz Gimenez-i, mendizale hauen gorpuak sorterrira lehenbailehen bueltatzeko egin zuen lan bikainarengatik.
Gimnasiaren ondotik bazkaria
Eguerdiko 12:00etan hasiko da gimnasia erakustaldia. Ondotik eskainiko zaie omenaldia iaz hildako mendizaleei. Erakustaldiaren eta omenaldiaren ondotik, ordubiak laurden gutti aldera, autobusak abiatuko dira jatetxetara. Aurten ere Zalain eta Zubiondon eginen da bazkaria eta bietan menu bera izanen dute. Hasteko, urdaiazpikoa, pate eta fritoak izanen dituzte, piper beteak, arrain zopa, legatza erromatar erara, sorbetea, azpixuna guarnizioarekin eta postrerako, moka tarta txokolatearekin. Edateko, bortz lagunendako botil bat txanpain, ura, ardoa, kafea eta kopa normalak izanen dituzte. Bazkalondoan, arratsaldeko 17:00etatik 19:45era dantzaldia izanen dute eta arratseko 20:00etan autobusak abiatuko dira etxera bueltan.
Italiara apirilaren 21etik 30era
Arkupeak erretiratuen elkarteak apirilaren 21etik 30era Italiara eta maiatzaren 10etik 24ra Benidormera bidaiak antolatu ditu. Oraindik aste batzuk falta badira ere, Italiako bidaiari buruzko xehetasunak emateko bilera ortziralean, martxoaren 7an, arratsaldeko 4etan izanen da Arkupeak elkartearen bulegoan eta Benidormera joateko izen ematea igandean, martxoaren 9an, goizeko 11:00etatik 12:30etara egin beharko da 948 450878 telefonora deituz. Italiako bidaiari dagokionez, apirilaren 21eko goizaldean abiatuko dira Nimes aldera. Italian, hiru egun emanen dituzte Erroma hiriburua bisitatzen, baina aitzinetik Milan, Venecia, Lido de Jesolo, Florencia, Montecatini eta Asis bisitatuko dituzte. Erroma ikusi ondotik, Pisa eta Italiako Riviera bisitatuko dituzte, berriz ere Nimesen barna Doneztebera itzultzeko. Gutti gora beherako prezio 750 eurokoa izanen da logela bakoitzean eta norbaitek bakarkako logela nahi balu, 188 euro gehiago ordaindu beharko lituzke. Prezio hauetan ez daude edariak saruak. Izen ematerakoan 200 euroko seinalea utzi beharko da. Dena den, arestian aipatu bezala, ortziralean, martxoaren 7an, arratsaldeko 4etan bilera izanen da Arkupeak elkartearen bulegoan, bidai honi buruzko xehetasunak emateko.
Benidormera maiatzaren 10etik 24ra
Benidormera maiatzaren 10etik 24ra eginen da bi asteko bidaia. Maiatzaren 10ean aterako da autobusa, goizeko zazpiak laurden guttian Irundik eta errepide nagusian hartuko ditu bidaiariak. Baztan, Leitza eta Goizuetako bazkideei, izena eman ondotik jakinaraziko zaie autobusa non hartu behar duten. Joaneko eta etorrerako bazkaria bidean eginen dira eta hori ere prezioan sartua dago. Arkupeak elkarteko erretiratuek Benidormeko Fenicia hotelean hartuko dute ostatu eta 120 pertsonentzat lekua duela kontuan hartuz, muga hori pasatuz gero, denen laguntza beharko dela jakinarazi dute, ahalik eta irtenbiderik egokiena aukeratzeko. Bidai osoaren prezioa pertsonako 495 eurokoa da logela bikoitzean. Gela banakakoa baldin bada, gaueko 14 euro terdi gehiago ordaindu beharko da, 695 euro guzira. Aurten, pentsio osoa, ura eta ardoarekin sartua dago prezioan. Aipatu bezala, izen ematea igandean, martxoaren 9an egin beharko da, goizeko 11etatik 12:30etara 948 450878 telefonoan. Martxoaren 12an 250 euro ordainduko dira bulegoan edo herriko Arkupeak elkarteko ordezkariei. Bigarren ordainketa, 245 eurokoa, modu berean eginen da apirilaren 10ean.