Baztan-Bidasoako Enpresari elkartea sortzeko asmoa agertu dute enpresariek

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 5a

Horrela jakinarazi diote gaur Donezteben Roig kontseilariari

Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, Jose Maria Roig Aldasoro bisitan izan da asteazken goizean, Baztan-Bidasoako industria eta lan egoera aztertzeko egin duen jardunaldian. Doneztebeko udalarekin, enpresarioekin eta sindikatuko ordezkariekin bildu da eta nafarroako Enplegu Zerbitzuaren mende dagoen Doneztebeko Enplegu Agentzian prentsaurrekoa eman du.

Baztan-Bidasoako enpresari elkartea sortzeko asmoa

Inguru honetako enpresariek Baztan-Bidasoako Enpresari Elkartea sortzeko egitasmoa azaldu diote kontseilariari eta honek begi onez hartu du proposamena. Roig kontseilariaren ustez, enpresarien dinamismoari eta inbertsio maila onari esker, langabeziak beheiti egin du eskualdean azken bi urteetan. Halere, kontseilariaren ustez, eskualdeko enpresek indar gehiago egin behar dute berrikuntzan, etorkizunean enplegua eta konpetibitatea bermatzeko. Eskualdean, industriarako lur gehiago sortzea garrantzitsua dela ere azpimarratu du.

Langabezia %12 jautsi da bi urteotan

Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emandako datuen arabera Baztan-Bidasoan %12an jautsi da langabezia azken bi urteetan. Denbora tarte horretan Nafarroa osoan lan merkatuaren bilakaera onena izan duen eskualdea omen da. Emakumeen arteko langabeziak ere bilakaera ona izan duela uste du kontseilariak, 2007an %10,8 jautsi baitzen. Gainera, iaz industrian %20 jautsi omen zen langabezia industria arloan eta %17,4 eraikuntza arloan, beti ere Jose Maria Roig-ek emandako datuen arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun