Elurra iritsi da gure eskualdeko errepidetara

Goizalde URDANPILLETA 2008ko martxoaren 5a

Belateko mendatean elurra kentzeko kamioia ibili da. TTIPI TTAPA

Zenbait mendate itxi behar izan dituzte

Nafarroako errepide sare nagusiak ez du arazo handiegirik elurrari dagokionez, behin gaur goizean Leitzarango autobidea zabaldu ondoren. Bart eta goizaldean errepide hau erabat moztu behar izan dute lehenik iparralderantz eta gero hegoalderantz zenbait ibilgailu gurutzatu baitira eta neurriak hartzearren. Bigarren mailako errepideei dagokienez, Isaba eta Frantzia arteko NA-1370 Belaguako 16. kilometrotik aitzin trafikora itxita dago eta kateak behar izan dira Urkiaga, Artesiaga, Egozkue, Aralarko San Miguel, Lizarraga eta Meanon.

Elurra kentzeko makinak lanean

Nafarroako Gobernuko Herrilan departamentuak iparraldean elurra kentzeko 60 makina prestatu ditu eta hauetatik 18k Leitzaran, Iparraldeko autobidea eta Barrankakoan zirkulazioa bermatzen dute. Bertze 9 taldek Agoitz zonaldea behatzen dute, 5 Lizarrakoa, 5 Mugairikoa eta 4 Tuterakoa. Goizeko 7ak bitarte egoera ia normaltasun osokoa zen, baina ordu horretatik goiti elurra hasi du iparraldean eta Iruñerrian.

Arretaz gidatzeko aholkua

Nafarroako Gobernuak errepide sare guztian arretaz gidatzeko aholkua eman du elur maila 400 metrotaraino jaitsiko baita, haize bolada bortitzak espero dira eta tenperaturak behiti eginen du. Era berean, gidariek trafiko agenteen erranak errespetatzeko eskatu du eta ibilgailu pribatu batean bidai bat egin behar denean errepideen gaineko informazioa jasotzeko 900400100 telefonoan edo www.navarra.es web orrian.

Argibide-kartelak

Bertzalde, badira argibideak ematen dituzten kartelak Nafarroako autobidean Irurtzun eta Leitzan, Iparraldeko autobidean Olaztin, Pirineotako autobidean, Cordovilla, N-121-A errepidean 7 puntu ezberdinetan Belateko tunela eta Bera artean eta Isaba eta Frantzia arteko errepidean. Errepideen gaineko argibideak ematean gidariak ibilbidea aldatzeko aukera izanen du.

Nafarroa Bai alderdiaren kritika

Aitor Etxarri, Nafarroa Baiko parlamentariak eta Leitzako udaleko EAko zinegotziak kritika egin dio Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuari, “elurteari buruzko planifikaziorik egin ez” duelakoan. Etxarriren ustez, aurretik jakina zen elurteak eragina izanen zuela Nafarroako errepide sarean eta Herrilan Departamentuak denbora izan du hori prestatzeko. “Zoritxarrez –dio Aitor Etxarrik– errealitateak erakutsi du beste behingoz Departamentuak ez duela pentsatzen ezta planifikatzen ere, eta ez dela nafarren arazoetaz kezkatzen, aurretik neurriak hartzea erraza zen arren”. Nafarroako errepide sarean arazorik ez zegoela informatu du Nafarroako Gobernuak, baina aldi berean, 30 minutuz esperoan egon behar zen Uharte-Arakil parean. Nafarroa Baiko parlamentariaren ustez, “horrek erakusten du Departamentu horrek ez diola egia esateari batere errespeturik”. Aurretik planifika daitezken egoera hauek berriz ez gertatzeko “kudeaketa serioa eta planifikazioa” egitea eskatu dio Nafarroa Bai alderdiak Nafarroako Gobernuari. “Horren erakusgarri da N-1 errepidearen egoera Araban, ez baitzirudien elurra egin zuenik ere” dio Etxarrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun