Doneztebeko Erreka elkarteak seigarren aldiz antolatu duen eskuz binakako txapelketako finalak larunbat honetan, martxoaren 8an jokatuko dira, goiz eta arratsaldez. Goizeko 9etan hasiko dira finalak, bigarren mailako benjaminen partidarekin. Errekako bi bikote izanen dira aurrez aurre: Iñaki Maylin eta Mikel Lana, alde batetik, eta Aritz Arrieta eta Axier Baztarrika, bertzetik. Bigarren mailako alebinetan ere Errekako bi bikote ariko dira nor baino nor: Daniel Moran eta Julen Juankorena, Jon Belarra eta Jon Mitxeoren kontra. Bigarren mailako alebinetan, buruz buruko finalean Jon Belarra, Julen Juankorenaren kontra ariko da. Bigarren mailako infantiletan, Errekako Jokin Uhalde eta Oberenako Jon Viezma, Club Natacion taldeko Zuñiga eta Zugarraldeko Iturbideren kontra ariko dira eta bigarren mailako jubeniletan, Txarutako Irail Zestau eta Errekako Josu Telletxea, Errekako Xabier Carrion eta Mikel Goñiren kontra.
Txapelketa ofizialeko benjamin, alebin eta infantilak 11etatik aitzinera
Goizeko 11etan hasiko dira final ofizialak. Benjamin mailan, Zugarraldeko Eskiroz eta Agirre II, Arrasateko Murua eta Moron IIaren kontra ariko dira. Zugarraldekoak izanen dira faborito. Alebin mailan, Zugarraldeko bi bikote izanen dira aurrez aurre: Noval eta Larunbe, Arano I eta Sarasaren kontra. Final estua espero da. Goizeko azken partidan, infantil mailako finala jokatuko da: Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko Murgiondo eta Lasa, Oiartzungo Oiarpe elkarteko Sarasti eta Basasororen kontra. Nafarrak dira faborito, Lasak aunitz jotzen baitu eta Murgiondok ongi lagunduko dio aitzinean.
Bazkalondoan, kadete, jubenil eta seniorrak
Errekako txapelketa honetan parte hartu duten pilotari eta laguntzaileek bazkaria izanen dute gero Doneztebeko Santamaria jatetxean eta arratsaldeko 4:30etik aitzinera jokatuko dira bertze finalak. Lehenik, kadete mailakoa jokatuko da. Txarutako Beñat Oronoz lesakarrak eta Imanol Juanena oiztarrak, Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendiren kontra jokatuko dute. Oronoz lesakarrak partida xehetu dezake, indar handia baitu sakean eta bolean, eta gibelean ongi lagunduko dio sasoiko dagoen Juanenak. Baina aitzinean bikote polita izanen dute.
Gazte mailako finalean, Jon Jaunarena leitzarra
Ondotik, jubenil mailako finala jokatuko dute Aurrerako Jon Jaunarena leitzarrak eta Arbizuko Josu Bergerak, Goizuetako Umore Onako Oier Apezetxea eta Txarutako Xabier Madariaga urroztarraren kontra. Ikusmin handia piztuko du final honek. Jaunarena leitzarrak, 15 urterekin, 3 urterako aurrekontratua sinatu du Asperekin eta etorkizun handiko pilotaria dirudi eta gibelean Bergera izanen du, gazte mailako atzelari onenetako bat. Aurten ezustea eman duen bikotea izanen dute aitzinean: Oier Apezetxea goizuetarra, Jon profesionalaren anaia da eta jubenil mailako lehen urtean maila ona erakutsi du eta jo handia du. Gibelean, Madariaga urroztarra lagun izanen du, sasoi ederrean eta txapelketa bikaina egin duen pilotaria.
Senior bigarren mailako eta eliteko finalak akitzeko
Gero, senior mailako bi finalak jokatuko dira. Bigarren mailakoan, Errekako bi bikote izanen dira aurrez aurre: Imanol Mitxelena aranztarrak eta Unai Urrutiak, Aritz Anguita eta Joseba Madariaga aranztarraren kontra jokatuko dute. Imanol Mitxelena sasoiko dago eta bi esku dotore ditu. Gibelean Unai Urrutia ariko da, nahiz eta finalerdietan Mikel Iriarte aritu. Urrutiak bi eskuekin aunitz jotzen du eta dotorea da kantxa gainean. Aitzinean, Anguita, tantu aunitz egin eta gutti galtzen duen aurrelaria eta Joseba Madariaga aranztarra izanen dute. Madariaga agintzen ari da kantxan, ongi joz eta behar denean moztuz. Faborito izanen dira Anguita eta Madariaga, baina borroka handia espero da. Elite mailakoan, azkenik, Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak, Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko Renobales eta Galarragaren kontra jokatuko dute. Aipatzekoa da Nafarroako bikoteak, 2007an Federazio arteko txapelketa, Espainiako txapelketa eta Munduko txapelketa irabazi dituela. Iparragirre, Leitzako profesional ohia sasoi ikaragarrian dago, jo, pilota gaixtoak jarri, moztu eta oran arte, txapelketako atzelari onena dela erakutsiz. Irigoien lesakarra ere bolada onean dago eta bere bolearekin min handia egiten du. Bikote beteranoa eta zaila osatzen dute eta faborito izanen dira. Dena den, Renobales iaz ere finalista izan zen eta beti hor egoten da, txapelketa handietako finaletan. Galarragak ere bi esku on ditu. Aipagarria da elite mailako txapelketa honek duen maila, bertze edozein txapelketaren parekoa. Errate baterako, 2005eko finalistetatik, Belloso, Oteiza eta Olaetxea dagoeneko profesionaletan ari dira Asegarcerekin eta 2007ko finalista batek, Garmendiak, Frontisekin debutatu du.