Nafarroa osoan otsailean langabeziak %3,48 goiti egin baldin badu ere, eskualdean ilbeltzeko igoera bortitzari buelta eman eta 3,63 beheiti egin du joan den hilabetean Otsail hondarrean 690 lagun ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena eman zutenak, urtarril hondarrean baino 26 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 411 kontratu gauzatu ziren urtarrilean, baina horietatik 67 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.
Adin eta sexuaren arabera
Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak. Nahiz eta urtarrilaren baino 12 guttiago izan, 400 adin tarte horretan lanik gabe dauden emakumeak. Dena den, 25 urtetik goitiko 219 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 4 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean ere zertxobait beheiti egin du langabeziak eta 36 emakume eta 35 gizon daude lanik gabe, ilbeltzean baino 2 eta 8 guttiago, hurrenez hurren.
Lan arloka
Lan arloei dagokienez, gehienetan jautsi da langabezia, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 457 langabeturekin. Halere, urtarrilean baino 17 langabetu guttiago ditu zerbitzuen arlo honek. Industrian 157 langabetu daude, urtarrilean baino 9 guttiago; eraikuntzan goiti egin du langabeziak eta 46 langabetu daude, urtarrilean baino 3 gehiago; nekazaritzan 10, urtarrilean baino 2 guttiago eta aitzinetik lanik topatu ez duten 20 lagun daude lanik gabe eskualdean, urtarrilean baino 1 guttiago.