Etxalarko usategiei buruzko erreportajea DVDan bildu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 4a

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, Lizarrako Julio Caro Baroja Museoaren bitartez, ondare etnologikoari buruzko bi DVD argitaratu berri ditu. Horietako batean, Etxalarko usategiei buruzko 32 minutuko erreportaia ikusteko modua dago. Hain zuzen, XIII. mendetik honat ehiza modu tradizionala mantendu da Etxalarren eta horri buruzko xehetasunak ageri dira DVDan.

Ez da salgai paratuko

Guzira 150 ale argitaratu dira eta ez dira salgai jarriko. Horietako ehun Nafarroako liburutegi publikoetan daude ikusgai eta gainerakoak, Etxalarko Herriko Etxera, inguruko museo etnografikoetara, gisa honetako ikerketak egiten dituzten erakundetara eta Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnografikoaren laguntzaileei bidali dira.

Sei urtetan 66.000 euroko inbertsioa

Azken sei urteetan egin diren dokumentazio proiektu ezberdinetan 66.000 euro inbertitu ditu Julio Caro Baroja Museoak. Interes antropologiko duten hainbat ekimen grabatu nahi ditu museoak, hauek aldatu edo desagertu baino lehen. Honela, 2002tik 2007ra, Museoak 27 dokumentalen grabazioa koordinatu du, Nafarroako 20 herri ezberdinetan.

Ituren-Zubietako joaldunak grabatu dituzte aurten

2008an ere bertze dokumental batzuk grabatzen ari dira, tartean, “Ituren-Zubietako joaldunak”, “Lantzeko inauteriak”, “Tuterako Aingeruaren jautsiera” eta “Sagardogintza tradizionala”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun