Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan, bi egunez erabat moztuko da N-121A errepidea ordu laurden batez, Endarlatsa eta Bera artean, leherketak egin behar direlako. Lehendabiziko mozketa asteazkenean, martxoaren 5ean eginen da, eguerdiko 12:00ak eta ordubiak artean, 70 eta 70,400 kilometroen artean. Ortziralean, martxoaren 7an, berriz, ordutegi berean itxi beharko da N-121A errepidea, 71,350 eta 71,650 kilometroen artean.
Berrizaun eta Sunbilla artean bidea txandaka egun osoan
Bertze aldetik, Berrizaun eta Sunbilla arteko zatian, 57 kilometro terdi eta 58 kilometroaren artean, ezponda baten lur-erauzketa dela eta txandaka bidea ematen ari dira, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bitartez. Egoera honek martxoaren 14a arte iraunen du eta Aste Santurako moldatuko da.
Gainera, egunero bezala, hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 7:00etara.
Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea.
Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.
Nafarroako errepidetan hildakoen kopurua %28,5 jautsi da urteko lehen bi hilabetetan
Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, Nafarroako errepidetan bi lagun hil ziren otsailean, 2001garren urtetik eman den kopururik ttikiena. Iaz, hiru izan ziren hildakoak. 2008garren urteko lehen bi hilabeteei dagokienez, bortz hildako izan dira Nafarroako errepidetan, eta 2007an zazpi izan ziren. Beraz, %28,57ko jautsiera izan da. Nafarroako Gobernuak, errepideetan hildakoen kopurua %10ean jaustea du helburutzat aurten.
2000. urtetik 2010. urtera hildakoak erdira jausteko helburua
Aipatzekoa da Europar Batasunak 2010garren urterako, 2000garren urtean errepideetan hildakoen kopurua erdira jausteko helburua jarri duela. Nafarroan 2000garren urtean 118 hildako izan zirela kontuan hartuz, Nafarroako Gobernuak dio helburu hori bete zuela 2006an, 55 hildakorekin eta 2007an, 48 hildakorekin.