Iazko Txapelketan bigarren postua egin zuen Jon Barberenak eta aurten txapelarako hautagai sendoa dela erakutsi zuen Beran, 200 ikusentzuleren aitzinean larunbat arratsaldean jokatutako finalaurrekoan. Nagusitasun handiz irabazi zuen finalaurrekoa, hasieratik segurtasun handia erakutsiz eta tarteka bertso politak kantatuz. Gainerako bertsokideak urrun samar utzi zituen Elizondoko bertsolariak. Barberenaren gibeletik, ordea, kontua estuago joan da. Bigarren eta hirugarren postuan lehia estua izan zuten Migel Mari Elosegi “Luze”-k eta Jon Elizetxek. Azkenean, leitzarra nagusitu zen, baina puntu erdiko tarte txikiz. Dena den, garrantzi handiko puntu erdia da, “Luze”-k finalerako txartela lortu baitzuen, eta Elizetxek, ordea, ez. Oro har, Berako saioa jokatu diren finalaurrekoen artean makalena izan zen, eta hori nabari izan zen puntuazioetan. Bertze bi finalaurrekoetatik hiruna bertsolari sailkatu dira; Berakotik, berriz, bi. Hainbat urtez, parte hartu izan gabe, Juan Mari Lopez Txapelketara itzuli da aurten, baina ez du lortu finalean egotea, laugarren egin baitzuen Beran. Bosgarren postua lehen Txapelketa zuen Ander Fuentes bertsolari zubietarrarentzat izan zen, eta haren gibeletik Eneko Lazkoz sailkatu zen.
Puntuazioa
Berako finalaurreko saioan honela gelditu zen puntuazioa:
Jon Barberenak: 339 puntu.
Migel Mari Elosegi “Luze”: 310 puntu.
Jon Elizetxe: 309,5 puntu.
Juan Mari Lopez: 301,5 puntu.
Ander Fuentes: 296,5 puntu.
Eneko Lazkoz: 288 puntu.
Osatuta gelditu da finalerako zortzikotea
Berako hirugarren finalaurrekoaren ondotik, osatuta gelditu da aurtengo Txapelketako finalean arituko den zortzikotea. Finala martxoaren 15ean izanen da, arratsaldeko 5etan, Elizondoko Lur Aretoan. Erika Lagoma lesakarra, Xabier Legarreta aranoarra eta Jon Barberena elizondarra zuzenean sailkatu dira, Txantrea, Lekunberri eta Berako finalaurrekoetan nagusituta. Puntuazioaren arabera, Julen Zelaieta beratarra, Xabier Terreros lesakarra, Julio Soto iruñearra, Iñigo Olaetxea lesakarra eta Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarra sailkatu dira.