Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxa bizkaitarrak irabazi dute Binakako Urrezko Aizkora

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 3a

Oihan eta Garikoitz Larretxea lehengusuak nagusitu dira gazte mailan

Ez zen ezustekorik izan, eta Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak lortu zuten Binakako Urrezko Aizkora, larunbat arratsean jokatutako finalean Anjel Arrospide eta Iñaki Aierbe mendean hartuta. Jende dezente gerturatu zen Azpeitiako Izarraitz pilotalekura, eta dirua irabazleen alde atera zen.

Bi minutuko aldea

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi zuten finala; aizkolari bakoitzak enbor erdia moztu behar zuen. Arrospide eta Aierbe izan ziren nagusi, 36 kolpetan erdibitu baitzuten enborra, aurkariek baino bat gutxiago behar izan zuten. Bigarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta erlojuaren kontra. Larretxeak eta Atutxak hortxe lortu zuten lehen garaipena. Minutu eta 37 segundotan akautu zituzten lanak, eta hanmabi segundo atera zizkieten aurkariei; hala faboritoak aitzinetik jarri ziren. Hirugarren lanean, 80 ontzakoa zutik, eta txanda librean moztu behar zuten; gipuzkoarrek hor zuten aldea lortzeko aukera, baina ez zen hala izan. Enborra beraiek eraman zuten, gogor samarra baina, eta ez zien mesederik egin. Leaburukoak eta Ataungoak irabazi zuten. 8 minutu eta segundu 01 izan zen beren denbora, baina hiru segundo bakarrik atera zizkieten Donto eta Aitzoli. Laugarrengoan, kana-erdiko bat zutik eta bertze bat etzanda moztu behar zituzten, bakoitzak bana. Horretan ere gipuzkoarrek aukerak zituzten, baina ez zuten asmatu; Larretxeak eta Atutxak aitzinetik bota zituzten bi enborrak. 4 minutu eta 25 segundu izan zen egindako denbora, eta hameka segundo atera zituzten. Saio bakarra falta zen finala akautzeko, eta hogei segundo zituzten alde Aitzolek eta Donatok. Finala nork irabaziko zuen nahiko garbi zegoela zirudien, eta horrelaxe izan zen. Azkeneko lanean, bikote bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten txanda librean. Atutxak eta Larretxeak lehen enborretik paratu ziren aitzinean, eta lan erdia egiterako auzia erabakita zegoen. Azkeneko lana, 16 minutu eta lau segundotan akautu zuten, eta minutu bat eta 31 segundotako aldea kendu zieten gipuzkoarrei. Lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 32 minutu et 38 segundu berriz, Arrospidek eta Aierbek. Beraz bi minutu eta segundu bateko aldea.

Gaztetan ere Larretxeatarrak

Gazte mailan ere Larretxeatarrek jantzi zuten txapela, baina 13 segunduko aldea bakarrik atera zieten Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrei. Beraz, gazteen finalean emozio gehiago izan zen. Izan ere, leitzarrak nagusi izan ziren hasierako hiru probetan, zazpi, sei eta segundu bateko aldearekin, baina azken proban, alde horri buelta ematea lortu zuten Larretxea lehengusuek. Beraz, egun borobila izan zen Larretxeatarrentzat, Azpeitiatik hiru txapelekin bueltatu baitziren.

Donato Larretxea: «Oso gau polita izan da»

Donato Larretxea zoriontsu zegoen finala akaututa. Berak jantzitako txapelaz gain, gazte mailakoan, bere semeak eta ilobak ere irabazi baitzuten: «Hiru txapel daramatzagu etxera, eta hau gogoan izateko modukoa da. oso gau polita izan da», onartu zuen. Finalari buruz zera erran zuen: «Lan asko egin behar izan dugu. Zutikako lanak ematen zidan beldur pixka bat, baina alde txikia atera digute, eta orduan ikusi dut irabazteko aukera genuela», erran zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun