Erreka elkartea desagertzeko arriskuan dagoela ohartarazi dute arduradunek

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

TTIPI TTAPA

Udal kirol instalazioak erabiltzeagatik ordainduz gero ez omen dira kontuak kitatuko

Erreka kirol elkartea desagertzeko bidean egon daitekeela ohartarazi dute zuzendaritza batzordeko arduradunek. Herriko Etxeak, kiroldegia eta pilotalekua erabiltzeagatik elkarteari kobratzeko intentzioa du, «orain arte kontrol haundirik ez baita izan». Udalak elkarteko kideei jakinarazi zienez, kirol instalazioen mantenimendua garestia da eta erabiltzaileek nahitaez ordaindu beharra daukate. Erreka elkarteak orain arte ez zuen deus ordaintzen instalazio horiek erabiltzeagatik, partehartzaileei zerbait kobratzen zitzaien ekitaldietan izan ezik. Bakar-bakarrik eskubaloian kantxaratuko dituen lau taldeen eta pilota taldearen entrenamendu eta konpetizioak kontuan hartuz, hori dirutza izugarria izanen litzateke Erreka elkartearentzat. Udalak 6.000 euro inguruko dirulaguntza ematen dio urtero Errekari, baina kasik diru guzia udal instalazioak ordaintzen joanen litzatekeela jakinarazi dute elkartetik. Irailaren 28an elkarteko arduradunak soluzio baten bila bildu ziren, baina ez zuten irtenbide garbirik topatu. Honela, berriz ere Udalarekin biltzeko asmoa dute, Herriko Etxeak iritziz aldatuko duelakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun