Eguraldi ederra lagun, hamasei joaldun bildu ziren irailaren 18an Iturenen ospatu zen Joaldunen Egunean. Goizeko 7:30etan gelditu ziren denak joareak paratu eta janzteko. Ondotik, 10ak aldera baserriz baserriko ibilaldia hasi zuten. Herriko trikitilariek lagunduta Ameztia auzoan barna ibili ziren. Beraien ibilbidean hainbat geldialdi egin zituzten joaldunek. Joxe Mari Ariztegi joaldunak ttipi-ttapari jakinarazi zionez, «duela 20-21 urte hasi ginen joaldunen eguna ospatzen. Hasieran berrian berean egiten genuen, baina duela hameka bat urte baserrietara joatea erabaki genuen. Iñauterietan ez gara ailegatzen eta horrelako egun batean, presarik gabe joaten ahal zara. Nik uste baserritarrek ere eskertzen dutela». Iritzi horretakoa da Zubilenekobordako Manuel Bazterrika. Bere ustez, «gauza ederra da joaldunen eguna. Hasieran zortzi joaldun bertzerik ez ziren ateratzen, baina gero eta gehiago dira».
Poliki-poliki aitzinera egin zuten baserrietako ibilbidearekin eta eguerdi aldera Ameztiatik herrira jautsi ziren joaldun eta musikariak. Eguerdian aizkora apostua jokatu zuten Luis Mari Belarra doneztebarrak eta Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak. Ondotik, Jexux Mari Irazu eta Igor Elortza bertsolariak aritu ziren eta bazkaria izan zen Herriko Etxeko Ganbaran. Bazkalondoan dantzarako grina erakutsi zuten iturendarrek, ganbaran bertan lehenik eta herriko plazan gero.
Aitziber Mindegia, Ibintza kultur taldeko kidea gustora ageri zen egunak emandakoarekin. «Eguraldi ederra izan dugu eta bazkaltzen 138 lagun bildu gara, bertsolari eta musikariekin batera».