Ulibeltzak elkarteko bazkideek egoitzaren hogeita bosgarren urteurrena ospatu zuten

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

TTIPI TTAPA

Berrehun lagun baino gehiago bildu ziren bazkarian

Irailaren 18an egun haundia ospatu zuen Ulibeltzak elkarteak. Izan ere elkarteak Leku-Eder karrikan duen egoitzak 25 urte bete dituela eta, hainbat ekitaldi prestatu zituzten egun osorako. Goizean hildako bazkideen oroimenez meza laburra egin zen eta ordubete beranduago dantza saioa eskaini zuten Baztango dantzariek. Jende aunitz bildu zen ikustera eta eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, gustura segitu zutek herritarrek baztandarren dantza ikuskizuna.

Garai bateko baserriko lanak herri kirol saioan

Dantzariek saioa akautu bezain abudo, herri kirolek hartu zuten tokia. Denbora batean baserrietan egiten zituzten lanak gogoratuz, proba konbinatu berezia egin zuten herriko bi gazte koadrilek. Hasteko, bi arto erreldo hesiarekin xehetu zuten. Gero, ur garraio ibili ziren, eskuetan bi pozalekin eta buru gainean bertze bat eramanez. Belar-zama garraio ere aritu ziren. Artoa bildu, zuritu eta irauzi ere egin zuten. Gero egur egitea egin zen garai batean bezala. Lehenik enborra bota eta egurrezko astoaren gainean moztu zuten. Bertze bi lagun arpanan aritu ziren eta trontza horiek lau puxkatan pikatu ondotik, pilatu egin zituzten. Egur pilaren gainean, «Ulibeltzak elkarteak 25 urte, zorionak» zioen kartela jarri zuten bi taldeek lana akitutakoan. Herri kirol saioaren ondotik Ulibeltzak elkarteko bazkideei oroigarri bana eman zitzaien. Ondoko herri bazkarian 200 lagun baino gehiago bildu zen Leku-Eder karrikan egin zen herri bazkarian. Bazkalondoan Oskar Estangak eta Jaione Olazabalek kantaldia eskaini zuten. Bildu zirenen artean Fiteroko bainuetxe batean bi lagunentzako aste bukaera bat zozketatu zen eta Juan Pedro Bertiz izan zen irabazlea. Eguraldi ederrarekin, giro ederrean joan zen arratsalde osoa. Agerralde musikariarekin dantzaldia izan zen eta berandura arte luzatu zen besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun