1- Elizondo eta Aldude artean errepide berria egin nahi dute. Baino zergatik? Zertarako? Orain artio aditu ahal izan diren gauzak:
harreman historikoen bulkatzea, euskararen indartzea, ekonomi-garapena... erretorika bertzerik ez dira. Izpegiko errepideari begiratuz gero, aski garbi ikusten ahal da, errepide horrek ez duela halakorik deus ekarri.
2- Gaur egun ez da bide bakar bat ere Elizondo eta Aldude lotzen dituena.Baino bide baten hobetze eta moldatzeari buruz solasean ari dira aldiero.Alta, nahitaez errepide zati berri bat ireki beharko dute. Zergatik halako jokamodu bihurria? Hori ez ote da desinformazioa? Gauza bat onartu bertze bat egiteko?
3- Lehendabiziko errepide proiektua Baileiko lepotik, Ixtiko lepoan barna Belaunerat zioan. Zinez beldurgarria. Bigarren egitasmoa berriz, Baileitik Urballorat, eta ondotik Zagua hegaletik, Hargibel inguratuz Iñartzerat. Hau ere ikaragarria. Bortz inporta zaie nondik egin eta zer xehatzen den. Horrelako proiektuak pentsatzeko gauza izan badira, zer sinesgarritasun dute hirugarren proiektu bati buruz solasteko? Orain artioko astokeri eta basakeriak ikusita ez dute inongo zilegitasunik proiektu honekin segitzeko!
4- Errepide eta autoen arabera araututako espazioan bizi gara, saturazioara iritsi dena eta ondorio larriak ekartzen ari dena. Ez gaude XX. mende hasieran eta dagoeneko badakigu errepideen bidez auto eta jendeei irekitako tokiek zer ondorio jasaten duten. Prest gaude logika horrekin segitzera?
5- Hirigintza basati eta ero honi esker, Elizondo eta Baztan guti batzuen interesen alde hondatzen ari direla ikusten ari gara. Orai Oronoz-Mugaireko San Martingo etxegintza proiektuekin ari dira. Gainera edozein erokeri egiteko bidea ematen duen Udal Plana eta zementuarekin zer-ikusia duen edozein gauza baimentzeko prest dagoen udala. Batetik Baztango beheitiko aldea etxe eta zementuan bihurtu, eta bertzetik mendian barna errepide berriak egin. Progresoa? Aitzinamendua?
6- Errepide berri hau egiteko zenbat ordaindu beharko du Baztango udalak? Zergatik isiltzen dute Europako eta Nafar Gobernuko dirulaguntzez gain, Baztango udalak ere sos kopuru bat paratu beharko duela? Eta gero negarrez, sosik ez dela baserrietara behar bezalako bideak egiteko, kultur etxea asteburuetan irekitzeko edo bertze hameka gauzetarako. Baina errepide berria egiteko bai!
7- Lotsamangarriena hala ere darabilten planteamendua; hau da: errepidea beharrezkoa da eta egin behar dugu. Ez da onartzen beharrezkoa ez denik.
Eztabaidaren markoa, errepidea egin behar dela da. Baina demokratak eta progresistak garenez, parte har dezagun denok nondik egin behar den erabakitzeko!! Kontsentsu demokratikoa!!! Kaka zahar horrekin proiekturikero, burugabe eta irrazionalenak egiten dituzte, xehakuntzan gizarte osoa inplikatuz. Hori da garapen eredu desarrollista honen oinarria, batzuen hegemonia eta bazter guztien xehatzearen alde, gehiengoaren bizibaldintzak hondatzen dituena. GIZARTE EZTABAIDA ORAIN!
Belaun Aldea Bizirik