Lucia eta Iker izan ziren 2007garren urtean, bertze urte batez, Nafarroako jaioberriei gehien jarri zitzaizkien izenak. 2003garren urtetik honat, horiexek dira, hain zuzen, neska nahiz mutikoei urtero urtero gehien jarri zaizkien izenak. Mutikoen kasuan salbuespen bakarra 2005garren urtea izan zen, orduan Javier izan baitzen izenik erabiliena. Aurten, 74 Lucia eta 93 Iker jaio dira Nafarroan. Halere, kontuan hartu behar da 98 Leire jaio direla, baina erdiak Y grekoaz eta bertze erdiak I latinaz idatziak daudenez, izen ezberdintzat jo ditu Nafarroako Estadistika Institutuak. Honela, lehen postutik, seigarren eta zazpigarrenera pasatzen dira.
Lucia, Nahia eta Paula nesketan
Nesken kasuan, Luciaren ondotik, Nahia izan da izenik erabiliena, 62 jaio berriri jarri baitzaie izen hori eta Paula hirugarrena, 60rekin. Ondotik, Irene, Irati, Leyre eta Leire, y grekoarekin eta i latinarekin, Maria, Ane eta Sara dira, hamar lehenbizikoen artean daudenak. Maria izena izan zen 2001 eta 2002an erabiliena. Gero, 2003tik 2006ra bigarren postuan izan da eta iaz zortzigarrenera jautsi zen. Alderantzizko kasua da Nahiarena. 2001ean berrogeita hirugarren postuan zegoen, 2006an hamalaugarrena eta iaz bigarrena izan zen.
Iker, Javier eta Asier
Mutikoen kasuan, erran bezala, Iker izan da erabiliena, 93 kasurekin; Javier izan da bigarren izenik erabiliena, 83 kasurekin eta Asier hirugarrena 79rekin. Ondotik, Mikel, Aimar, Pablo, Unai, Aitor, David eta Daniel dira hamar erabilienen artean daudenak. Nesken artean Leire izenarekin gertatzen den bezala, Javier eta Xabier izen bakartzat joko bagenu, lehen postuan izanen litzateke, bien artean 151 jaioberri baitaude izen horrekin. Guzira Nafarroan neskei 944 eta mutikoei 914 izen ezberdin jarri zitzaien joan den urtean.
Eskualdean, Uxue eta Mikel dira erabilienak
Ttipi-ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdeari dagokionez, datuak aldatzen dira. Ttipi-ttapako datuen arabera, 261 haur jaio ziren 2007an, 137 mutiko eta 124 neska. Mutikoen artean, Mikel da izenik erabiliena, 11 kasurekin, Oier bigarrena 8rekin eta Aitor hirugarrena, 7rekin. 6 Aimar jaio ziren iaz eskualdean eta Iker izenak bosgarren postua dauka gurean, 5 mutikorekin, Oihan bezalaxe. Nesken kasuan, aipagarria da Nafarroan gehien erabili den Lucia bakarrik ere ez dela gurean. Izenik erabiliena Uxue da, zortzi neskei jarri baitzieten izen hori iaz, seiri Maddi eta bosna Ane, June eta Irati jaio ziren 2007an. Erran behar da eskualdean 76na izen ezberdin jarri zitzaiela neskei nahiz mutikoei.