Donato Larretxea aspaldiko ezaguna dugu. Azken urteetako aizkolari handietako bat. Nafarroa eta Euskal Herriko txapelduna. Urrezko Aizkora ere irabazia. Oihan Larretxea bere semea da eta pixkanaka bidea egiten ari da aizkora munduan. Garikoitz Larretxea Donatoren iloba da, Oihanen lehengusua eta Patxi Larretxea herri kirolari handiaren semea. Hiruak, aurtengo Binakako Urrezko Aizkolarien finalean izanen dira martxoaren 1ean Azpeitian, gaueko 23:00etatik aitzinera. Donato, elite mailako finala jokatuko du, Aitzol Atutxa bizkaitar gaztearekin batera. Aierbe eta Arrospide izanen dituzte arerio. Oihan eta Garikoitz lehengusuek, berriz, bikote eginen dute eta Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano leitzarrak izanen dituzte kontrario. Final horretarako prestaketan buru-belarri harrapatu ditugu Larretxeatarrak. Astean hirulau aldiz biltzen dira Oronoz-Mugairin duten nabean. Larretxeatarrentzat ez ezik, eskualdeko hainbat herri kirolarirentzat egoitza dute bertan, harrijasotzaileak, arpanlariak… Plazan enborraren gainean jarri eta lanean hasten dira aizkolariak, baina entrenatzeko aitzinetik lana egin behar da. Egurrak zuritu, neurrira egokitu, josi… Di-da batean egur pila batetik, entrenatzeko moduko enborrak plantatu dituzte, zutikakoak, kolpeka aritzekoak, txanda librerako, abiadurako probarako… Entrenatzen hasi baino lehen, Donato, Garikoitz eta Oihan Larretxearekin solastu dugu. Igandean Azpeitian jokatuko den finala izan dugu hizpide, baina bertze hainbat gaien inguruan ere aritu gara.
Faboritorik ez
Hiru Larretxeatarrek ez dute faborito argirik larunbat gaueko saiorako. Donatoren ustez, “faborito garbirik ez dut ikusten. Lehendik ez gara elkarrekin probatu eta ikusi behar… Gu ongi ari gara lanean, moral aldetik ongi daude eta lan ona egiteko asmoarekin”. Garikoitz eta Oihanek ere lehia estua espero dute. Hasierako fasea irabazi egin zieten Saralegi eta Olanori, baina Garikoitzek dioenez, “finala gogorra izanen da eta hobekien egiten duenak irabaziko du”. Bi lehengusuek diotenez, txapelketa ez zuten ongi hasi, baina sasoi punttu onean ailegatuko dira finelera. Donatoren ustez, finalaurrekoa izan zen probarik zailena Nazabal eta Mugertzaren kontra, “baina haiek ere irabazi genien”.
Txanda librean gustora
Urrezko Aizkolarien probetan, teknika, abiadura eta indarra nahasten dira… Hiru Larretxeatarrek txanda libreko proba dute gustoko. “Denetan nahiko ongi ari gara, baina txanda librean iruditzen zait estu hartuko ditugula. Bertzeetan ere hurbil xamar ibili beharko dugu, atzera gelditzen bagara ezin izanen baitugu azkenekoan dena errekuperatu” dio Donatok. Donato Larretxea hainbat txapel irabazia da, baina larunbatekoa ez da final bat gehiago izanen: “Urte askotan hor gabiltza eta final askotan aritzea tokatu zaigu. Batzuk irabazi, bertzeak galdu… Berriz ere irabaziz gero ilusioa egiten du. Behin adin honetara etorrita, txapelak janztea ongi da”. Garikoitzek Nafarroan txapel batzuk irabazi ditu, “baina hau izanen litzateke handiena”. Oihanentzat lehen final handia da. “Bai, orain arte ez dut finalik jokatu eta urduri xamar izanen naiz, baina gure lana egiten saiatuko gara” dio.
Belaunaldi berria aizkoran
Batez ere gazte mailan, aizkolari berri aunitz ikusten dira. Nolabait aizkora biziberritzen ari dela erraten ahal da. Donatoren ustez, “momentuan 18 urte inguruko gaztedi polita ari da aizkoran, ongi ari direnak. Gaia badute, baina egunero-egunero segitu egin behar da aurrera ateratzeko. Adin zaila da, parranda egitea izaten dute burutan eta pixko bat hori alde batera utzi behar da. Ez dena, alegia, baina norbere gorputza zaindu egin behar da pixko bat. Hori arazoa da”. Oihanek dioenez, “egia da urte batzuk izan zirela aizkolari gazterik gabe eta orain gure kinta inguruko aunitz bagara, behetik goiti heldu garenak. Esperantza behinipein badugu aurrera ateratzeko eta hortan saiatuko gara”. Garikoitzentzat ere pozgarria da gazte jendea aizkoran ikustea.
Nolako egurra, halako ezpala
Saralegi, Mindegia, Mugertza, Larretxea… Aizkolarien artean abizenak aunitz errepikatzen dira… Erranerak dioen bezala, eta aizkoran inon baino gehiago erabiltzen ahal da, nolako egurra halako ezpala. Donatok aipatu digunez, “beti errexagoa izaten da etxean ikusiz gero. Aizkorak eta egurrak etxean badituzte eta horretan hastea errexagoa da, kanpoko bat hastea baino. Laguntzarik ez badu, gazte batek zaila dauka aizkoran aurrera ateratzea. Egurran eta aizkoran gastu handia egin beharra dago. Alde horretatik, gure etxekoek arazorik ez dute. Nahi badute segitu, aukera badute”. Garikoitz eta Oihan ere ados daude iritzi horrekin. Arraioztarrak dioenez, “ez da errexa aizkoran zerotik hastea. Aizkorak, egurra… Ez baduzu segitzen dizun norbait zaila da eta lehendik familian izanez gero aizkolariak errexagoa da”. Beratarraren ustez, “etxetik laguntzarik ez baduzu, ez duzu aizkoran aurrera egiterik. Familiaren laguntza handia behar duzu. Gastu handia da eta bakarrik ezin duzu”.
Donatok finala irabazteko aukerak ikusten dizkie semeari eta ilobari. “Lehen ere elkarren kontra arituak dira eta orduan irabazi egin zuten eta hori moralarentzat ona da. Oraindik 17 urte bertzerik ez dituzte eta ari dira poliki-poliki hobetzen. Nahiko maila ona dute eta segitzen badute etorkizun polita dutela iruditzen zait, hori beraien baitan dago”.
Garikoitz eta Oihanek dakiten guzia aitei eta osabei esker dakitela uste dute. Oihanek adierazi duenez, Donatok “esperientzia pilaka du, eta orain sasoi guttixeago izanda ere, baina esperientzia horrekin moldatzen da eta aizkora ederki mugitzen du”. Garikoitzek, berriz, zera dio: “Orain arte ikasi dugun guzia ikasi dugu aita eta osabarekin. Egurra mozten, aizkorari tiratzen, plazetan ibiltzen. Dakigun guzia beraiei zor diegu”.
Hortxe utzi ditugu entrenatzen eta buru belarri prestatzen. Gazteek erakustaile onak dituztela ez da dudarik. Donato eta Patxi Larretxea anaiak hortxe dituzte, herri kirolean adituak eta batez ere arituak. beraien dohaiei ahalik eta etekin gehiena ateratzeko prest.
Larunbat gauean ikusiko da Larretxeatarrek urrez janztea lortzen duten.