«Denborak erakutsiko du partida estelarretan aritzera ailegatzen garen»

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

• Uda honetan egin du debuta erremonte profesionalean Julen San Migel, 17 urteko Doneztebeko atzelariak. Berekin zortzi dira Doneztebek profesionaletan dituen erremontelariak.

Duela bi urte arte gazte mailako laxoa txapelketa jokatzen zuen Julen San Migelek. Aurten helduen mailako txapelketan aritu da Doneztebe D taldearekin eta orain segidan erremontean aritzeko aukera ailegatu zaio. Urrats hau hain abudo ematea ustekabea izan da San Miguelentzat: «Pixko bat sorpresa izan da. Gazte mailako laxoan txapel bat edo bi irabazi nituen, helduekin aurten bakarrik aritu naiz eta orain erremontean. Dena abudo heldu da, bai».

Donezteben zortzi erremontelari profesional daude orain, bederatzi Malerrekan. Horren arrazoia garbia da San Migelentzat. «Hemen Lizasorekin eskola izan zen eta hamar bat lagun aritzen ginen. Ni eta Xanti Mindegia Iruñera pasatu ginen, Iruñean urte bat jokatzen pasatu eta goiti egin nuen. Profesionaletan hasiak garen gazteenak Lizasoren eskolako emaitza gara». Gazte-gaztetatik laxoan aritzeko guanteak janztea ere erraztu dezake gero erremontea jartzerako orduan. Julenen ustez, «laxoan nahiz erremontean, bietan pilota jo edo erremontatu egiten da, batzutan postura berdintsuak izaten dira eta errexagoa izan daiteke pausua ematea».

«Ezkurra eta Lizasoren arteko finala izugarria izan zen» Koteto Ezkurrak eta Iñaki Lizasok buruz buruko final handia jokatu zuten aitzineko astean egin zuen debuta Julenek. Doneztebar aunitzek bezala, final hori zuzenean ikusi zuen Galarretan: «Partidu izugarria izan zen. 30. tantua pasatu eta hasieran bezala korrika segitzen zuten, punta batetik bertzera. Bikaina izan zen». Herriko bi maisu horien artean jokatzea ametsa da oraindik atzelari gaztearentzat. «Estelarretan sartzea zaila da, baina denborarekin ikusiko dugu nora ailegatzen garen. 17 urte ditut eta ikusiko dugu posible ote den». Erremontelariek normalki Uharte eta Hernaniko pilotalekuetan jokatzen dute. Julenek Iruñekoa gustokoa du. «Betidanik Euskal Jaien aritu naiz eta hor eroso sentitzen naiz. Galarretan duela hilabete bat edo hasi nintzen eta han ere ongi, baina gustorago Uharten». Dena den, orain enpresa frontoi ttikiagoetara pausua ere ematen ari da. Duela aste batzuk Labriten aritu ziren Ezkurra, Lizaso eta Urrutia, bertzeak bertze. San Migelen ustez, frontoi laburretan aritzea ongi dago. «Pilotak ere motelagoak jarriz gero, joku biziagoa da eta espektakuloa emateko egokia. Duela bizpahiru hilabete nik ere jokatu nuen Labriten eta ongi, gustora aritu nintzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun