Urriaren 2an omenaldi-besta jendetsua ospatu zen Beintza-Labaienen. Jose Luis Telletxea aizkolaria, Florentino Ibarra artisaua eta Antonio Baleztena zena, aizkolaria, omendu zituen Ittur-Ondo elkarteak herriko udalaren laguntzarekin. Hori dela eta, besta giroan murgildu zen arratsalde osoan. Lau artisauren lanak eta herri-kirol jaialdi paregabea izan ziren ikusgai, eta horren aitzakian jende franko bildu zen herriko plazara. Horien artean bi aizkolari nabarmendu behar ditugu: 71 urteko Tomas Mutuberria eta 14 urteko Alejandro Mindegia. Biek ere ez zuten omenaldian hutsik egin nahi eta bakotxak bere erara enbor bana moztu zuten.
Ondotik, aitzinera segitu zuen bestak hainbat herritarren saioarekin. Bi enbor moztu zituzten lehenbizi eta ondotik Mindegia eta Telletxea aritu ziren, hauek ere bina enbor mozten.
Bi herritarren saioaren ondotik omenaldia hasi zuten eta oroigarri bana eman zioten pozez gainezka ageri ziren Florentino Ibarra eta Jose Luis Telletxeari, baita Antonio Baleztena zenaren anaiari. Jose Luis Telletxeak adierazi zuenez, «pozik nago nerekin aizkoran aritu diren lagun guziak etorri direlako. Inoiz ez naiz lehen mailakoa izan, baina bigarren mailan urteak eman ditut eta lagun asko egin ditut». Sunbillan sortu eta Beintza Labaienen bizi den Florentino Ibarrak 60 urte baino gehiago daramazki guanteak egiten eta gustora zegoen. Ondotik Beintza-Labaienen bilduak ziren dozena bat aizkolari lanean ikusi ahal izan ziren. Donato Larretxea, Jaunarena, Loiarte, Jon Telletxea, Mikel Mindegia, Xabier Mindegia, Jesus Etxeberria, Pello Telletxea, Markos Telletxea, Jose Luis Agesta, Pello Bertiz eta Jose Luis Telletxea omendua bera. Horiekin batera lau trontzalari ere aritu ziren: Barberena anaiak eta Pikabea anaiak. Besta akautzeko, 286 kiloko aretxea afaldu zuten 300 lagunek goitik. Jalisco Band taldearen eskutik joan zen arratseko dantzaldia.