Martxan da berriz ere Euskal Kantu Txapelketa. Aurtengoa hamabigarren edizioa izanen du. Euskal Kantua eta kantariak bultzatu nahiean egiten da ekimen hau. Aurten, beti bezala, bi finalaurre eta finala izanen ditu. Finalaurreak azaroaren 6an Arangurengo Kultur Etxean, Mutiloa Goitin eta azaroaren 13an Larraintzarko eskoletako Aretoan izanen dira.
Final nagusia, berriz, azaroaren 27an Doneztebeko Bordatxo aretoan izanen da. Saio guztiak arratsaldeko 5etan izanen dira.
Partaide izan nahi duenak, azaroaren 1a arte izanen du izen emateko epea Euskal Kantuzaleen Elkartean, 948 141812 telefonoan edo irrati euskaldunetan, gure eskualdean Xorroxinen, 948 581226 telefonoan edo Karrapen, 948 610914 telefonoan.
Helduen kantuzaletasuna da txapelketa honekin bultzatu nahi dena.
Txapelketak eszenatoki bat eskeini nahi die kantari amateurrei, oraindik bere izenean diskarik grabatu ez duten kantariei. Neurri batean, txapelketa honek afiziozko eta profesiozko kantagintzaren artean dagoen pauso hori ematen ere lagundu dezake. Kantatzen diren kantuak zaharrak edo berriak izan daitezke, eta bakarka, binaka edo taldeka kanta daitezke.
Orain dela lau urte, urtero egiten da txapelketa hau. Beraz, azken urteetako ediziotan parte hartzen duten kantariak badaude, ongi kantatzen dutenak, beraien urteko lana erakustera etorriko direnak. Hauek maila "berezia" osatuko dute. Aldi berean, badaude lehen aldiz kantatzen duten kantariak ere, mikroak probatu nahi dituztelako, beren lana erakutsi nahi dutelako, beraien zonaldean saioa delako... mila arrazoi. Hauekin, "Berrien Maila" osatuko da.
Bakoitzak bere mailan, azkenean, kantariak entzutea eta gozatzea da txapelketak eskeini nahi duena, kantua garai berrietara egokitu nahiean.
Kantuak eskeintzen duen elkartzeko aukera azpimarratzeko, txapelketa "ofiziala" bukatzean, partaide guztiak (kantari eta musikariak) eszenatokira igotzera gonbidatuko ditu Kantuzale Elkarteak, entzulegoarekin batera aitzinetik banatu dituzten hitzak abesteko.
Txapelketa hau gauzatzeko laguntza ematen dute Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Rural Kutxak eta Aranguren, Larraintzar eta Doneztebeko Udalek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!