ttipi-ttapa telebistak programa gehiago eta ordutegi zabalagoa

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 27a, 15:34

TTIPI TTAPA

Aldaketa dezente ekarriko du ttipi-ttapa telebistaren denboraldi berriak. Lehendik jada produzitzen dituen informatibo, kirol saio, erreportaje, musika, sukaldaritza eta bertze hainbat saioez gainera, aurrerantzean, marrazki bizidun, dokumental eta telesailak ere eskainiko ditu.

Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Bortziriak eta Baztango udalen subentzioak aski murritz eta eskaxak izan arren (Malerrekako Mankomunitateak ez baitu sekulan subentziorik eman bertako telebistentzat), ttipi-ttapAk, bertze 5 telebista lokalekin elkarlanean, programazioa zabaltzeko egitasmoa abiatu berri du. Eta egitasmo horren lehenbiziko ondorioa dagoenekoz sumatua izanen dute Bortziriak, Bertizarana eta Malerrekako ikusleek. Lehendik jada emititzen den programazioaz gainera, dagoenekoz ari baita emititzen entretenimendu eta fikzio saio berriak. Programazioa zabaltzeko elkarlan-egitasmoaren bigarren fasean garatuko da telebista bakoitzak bere aldetik ekoiztutako programen elkartrukea, batez ere, eskualdeaz gaindi interesa duten programa edo saioen trukea. Aurrerago, hirugarren fase batean garatzeko, telebista saioak elkarrekin ekoiztea ari dira aztertzen egitasmoaren bultzatzaileak. Momentuz sei dira elkarlan honetan abiatu diren euskarazko telebistak: Bizkaian Urdaibai, Gipuzkoan Goiena, Goierri eta Zarautz, eta Nafarroan TTIPI-TTAPA eta Xaloa telebista. Etorkizun hurbilean zazpigarren telebista bat elkartzea espero dute: Mendaro Telebista.

Berrikuntzak barne-produkzioan ere

Marrazki bizidun, telesail eta dokumental-serie berriek ekarriko dute berrikuntzarik handiena, baina ez bakarra. Orain arte TTIPI-TTAPAk emititzen dituen saio guztiek segida izanen dute etorkizunean ere. Berriak eguneko informatiboa eta Jokoa Solas kirol saioa dira horien artean saiorik beteranoenak, duela zazpi urte telebista abiatu zenetik ez baitute etenik izan. Eta orain arte emititu diren saioekin batera, etxean produzitzen diren programa berri batzuk ere hasiko dute bere ibilbidea hurrengo asteotan. Adibidez, Heraldikari buruzko programa da denboraldi berri honetako berrikuntzetako bat, Andoni Esparzaren gidaritzapean egina eta Enara Arrobarrenek aurkeztua. Horrekin batera, Kontsumo aholkuak eskainiko ditu Iratxe kontsumitzaileen elkarteko Mikel Bezunarteak, jendeari argibide eta aholkuak emateko eta zalantzak argitzeko baliagarri izanen dena.

Automatizazioa emisio sisteman

Aurrerantzean ugariagoa izanen den programazioa hobeki kudeatzeko, emisioaren automatizazioa ekarriko duen inbertsio teknologikoa ere egin du TTIPI-TTAPAk azken asteotan. Ordenagailu berri horiei esker, eguneko ordutegiari erantzunen dion emisio-automatizazioa finkatuko da urri hondarretik aitzinera, eta aldiberean, hirugarren postu bat izanen da bideoa editatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun