Gazia eta gozoa. Bietatik izan zuten igandean Iturramako Lopez frontoian Nafarroako paleta goma txapelketaren finaletan parte hartu zuten Arkupe elkarteko pilotariek.
Lehen mailan ezin
Lehen mailako finalean gazitik dastatu behar izan zuten Guillermo Antxordoki igantziarrak eta Imanol Telletxea lesakarrak, 16 eta 30 galdu baitzuten Lopez frontoiko Sanchez eta Merindanoren kontra. Atzelariak, batez ere, partida bikaina jokatu zuen eta Bortzirietako pilotariek ezin izan zuten deus ere egin. Saiatu saiatu ziren eta lekuz ere aldatu zuten, atzelaria aitzinean paratuz eta alderantziz, baina ezinezkoa suertatu zen. Hasieran berdindu xamar joan baldin baziren ere, azkenean alde nabarmena lortu zuten Sanchez eta Merindanok, 16 eta 30.
Oskariz eta Berhok txapelketako partida guziak irabazi dituzte
Bigarren mailan, berriz, Arizkungo Joseba Oskarizek eta Oronozko Carmelo Behrok gozotik probatu zuten eta txapela janztea lortu zuten. Final estua izan zen eta abantaila handiegirik ez zen ikusi markagailuan. Tantuak luzeak izaten ziren, arerioaren hutsegitearen bila. Azkenean, Oskariz eta Berhok 30 eta 26 irabazi zieten Lopez frontoiko Perez eta Espinali. Aipatzekoa da Oskariz eta Berhok txapelketa honetan jokatutako partida guziak irabazi dituztela, hasierako faseko hiruak, finalerdia eta finala.