Bere lehen hiru kideak gogoratu zituen Arkupeak elkarteak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Malerrekako lau delegatu ere omendu zituzten

Arkupeak erretiratuen eta pentsionisten elkarteak omenaldia eskaini zion joan den astean Donezteben elkartearen sorreran lan egin zuten hiru bazkideei eta gaur egun, elkarteko kideen lehenbiziko hiru zenbakiak dituztenei. Faustino Manterolak, 1 zenbakia duen bazkideak eta Jose Ariztegik, 2 zenbakia duenak, hil ondoko omenaldia jaso zuten eta 3 zenbakia duenak, Pablo Gonzalezek, egun batzuk lehenago jaso zuen omenaldia. Hiruek, Arkupeak elkarteko presidentea den Felipe Ganboarekin batera, gaur egun 3.000 bazkide baino gehiago dituen elkartearen oinarriak jarri zituzten. Hiru bazkide beterano hauen oroimena beti gogoan izan dute Baztan, Bertizana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea eta Irungo erretiratuak biltzen dituen elkarteko arduradun eta kideek.

Oitz, Urrotz eta Donamariako delegatuak

Gainera, Malerrekako hiru delegaturi ere omenaldia egin zitzaien: Oizko Victoria Arrastio eta Sagrario Ariztegiri eta Urrozko Maria Jesus Ariztegiri. Hiruek lan aunitz egin dute Arkupeak elkartean eta urroztarraren kasuan, elkartea sortu zenetik bertan ari da lanean. Donamariako Joaquin Mitxeltorenak ere, Arkupeak sortu zenetik elkartean lan egin zuen eta hil ondoko omenaldia jaso zuen joan den astean.

Irungo delegatuaren heriotza

Aipatzekoa da Arkupeak elkartearentzat aste tristea izan dela, Irungo delegatu lanak bete zituen Agustin del Campo hil baita. Agustinek, Josefa Garmendia emaztearen laguntza izan zuen beti eta lan handia egin zuten Irunen Arkupeak elkartea ezagutarazten eta bultzatzen. Arkupeak elkarteak denei eskerrak eman nahi izan dizkie, bere lanaren kalitatearengatik, dedikazioarengatik eta pertsona bezala izan duten jarrerarengatik, eta beti gogoan izanen dituztela azpimarratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun