Joan den astean aipatu genuen bezala, Doneztebeko Gazte Burrunba elkarteak bilera garrantzitsu batera deitu zituen herriko eta Malerrekako gazteak joan den ortziralean. Gaur egungo juntak jende berriari pasoa eman behar zaiola erabaki zuen, gaur egun ideia, xarma eta indar berriak behar direlako elkartean, hasieran izan zuen freskotasun hura berreskuratzearren. Herriari bizitasun kulturala emateko eta herriko gaztedia juntatzeko helburuarekin sortu zen Burrunba, eta juntaren ustez, bizitasun kulturala emateko ezinbertzekoak dira ideia berriak, gaztedia juntatzeko gaztedi guzia inplikatua egotea beharrezkoa den bezala.
Gazteak lanerako prest
Aipatu bezala, joan den ortziralerako deitu zuten bilera hori eta gazteen erabakiaren arabera, Burrunba bertan behera uztea ere pentsatzen ari ziren elkarteko juntakideak. Baina zorionez, momentuan bederen, ez da halako erabaki mingarririk hartu beharrik izanen. Izan ere, joan den ortziralean hogeita hiru gazte elkartu ziren Azkarretan, horietako aunitz 18 eta 24 urte artekoak. Beraz, badirudi badirela gazteak kontzientziatuak eta erreleboa hartzeko prest daudenak eta Gazte Burrunba etorkizunean ere Doneztebe dinamizatzeko elkartea izaten segi dezan nahi dutenak. Gazte Burrunbako juntak azpimarratu nahi izan du gogoekin daudela eta proposamenak aurkeztu zituztela, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, deialdiak erantzuna izan du eta horrek aunitz pozten ditu Burrunbako kideak.
Junta berria osatu nahi dute ortziralean
Joan den ortziraleko bilera horren ondotik, ortziral honetarako ere, otsailaren 29rako, Azkarretan bilera deitu du Burrunbak, arratseko 8etan. Junta berria osatzea izanen da helburua eta bilera atseginagoa egiteko, pintxoak eta edariak eramanen dira. Joan den ortziraleko bileran izan ez zirenak ere gonbidatu nahi ditu Burrunbak, denen artean, denentzako elkarte hobea eginen dutelakoan.